Aurreko asteko sentsazio gazi-gozoak ezabatzeko eta lehengo urteko joko
maila erakusteko intentzioz ekin zion bidaiari igande arratsaldez Laskorain taldeak Basauriko Soloarte
taldeari zor zion bisitan.
Talde tolosarraren identitate bihurtu den zonakako defentsaren
planteamenduarekin ekin zion norgehiagokari taldeak, kontraerasoan min egiteko
asmoz. Aurreko partiduko intentsitate mailarekin zerikusirik ez zuen defentsak,
erasoan lehen abaguneak sortzeko aukerak eman zizkion taldeari.
Minutuak pasa ahala, bizkaitarrek defentsan uzten zituzten hutsuneak hobeto
aprobetxatzen ari zen ikastolako taldea eta horrela, Aranburuk eskuaira eta kartaboiarekin marraztutako paralela bikain
bati bukaera ezin hobea eman zion Vazquez asturiar printzeak. Bi minutu beranduago Aranburu bera izango zen
goleatzailea, atezainaren aurrean maisuki iskin egin ondoren baloia sareratuz.
Bi goleko errenta garrantzitsuarekin atsedenaldira iristeko
intentzioarekin, taldeak intentsitate maila altua mantendu behar zuen, baina
Soloartek ondo diseinatutako alboko sake baten ondorioz, aldea murriztea lortu
zuen. Gol honek, talde guztiaren pultsazioak igo eta nerbioak azaleratzea eragin
zuen, baina larrialdi une hauetan aditua eta espezialista den Jonikok, berriro ere 2 aldeko
diferentzia ezarri zuen markagailuan, atsedenaldira iritsiz.
Bigarren zatiko gidoia ez zen aldatu eta basauritarren jokaldi
arriskutsuei, Iker atezainak
geldialdi ezin hobeak ematen zizkion bitartean, kontraerasora bizkor ateratzen
zen talde tolosarra. Horrela, 1-2 2-1 galgo karrera bailitzan, kantxa guztia
ziztu bizian zeharkatu eta urrutiko jaurtiketa baten ondorioz eta 3x2ko
nagusitasun egoera aprobetxatuz ondoren, Mattinek,
bizkaitarren atea birritan zulatzea lortu zuen 1-5eko emaitza ezarriz.
Partidua azken minutuetan sartu zen eta horrela, 7 minutu faltan, etxeko
entrenatzaileak atezain-jokalaria kantxaratu zuen. Defentsan lana egitea tokatzen zen oraingoan.
Ezin hobeto defendatu zen 5x4 egoera hau, baina urrutitik eginiko jaurtiketetan
ez ziren fin ibili ikastolakoak. Azken aukeran, Soloartek, bukaerako 2-5eko
emaitza ezarri zuen.
Aipatzekoa Juaristiren debuta
Laskoraingo lehen taldearekin. Badirudi azkenaldian larunbat gauetan elizara
eginiko bisitek fedea piztu duela jokalari gaztearengan eta ate aurrean
asmatzen ez duen arren, gogotik egin zuen lan defentsan.
Lana gogotik eginda, igandean Basaurin -Zuhaitz, Beñat, Etxebe, Juaristi eta Joniko –haserako
bostekoa-, Iker, Katta, Mattin,
Aranburu, Manso eta Vazquez
jokalariak, Aitor entrenatzailea eta
Javi delegatua izan ziren.
No hay comentarios:
Publicar un comentario