2014-11-25

Laskorainen garaipena Tolosako derbian (5-2)

Azken jardunaldiko porrota berehalakoan ahazteko intentzioarekin kantxaratu ziren ikastolakoak larunbat arratsaldean Usabalen jokatutako derbian. Parean, aski ezaguna den Eskolapioetako Tolosala taldea zuten eta derbi bat irabazteak duen garrantzia psikologikoaz oharturik ekin zioten norgehiagokari.

Partidu hauek duten tentsio puntuak ez zuen bi taldeen aspektu positiboenak kantxaratzen utzi eta errespetu handiz jokatu ziren 40 minutuak. Lehen minutuetan Tolosalakoak izan ziren baloiaren jabetza izan zutenak, baina ikastolako taldearen defentsa ordenatuak, Aratzek defendatutako porterira hurbiltzeko saiakera guztiak saihesten zituen.
Minutuak aurrera zihoazten heinean, etxeko taldeak baloiaren jabetza nahi zuela ikusarazi zion Eskolapioetako taldeari eta pixkanaka aukerak sortzen hasi zen. Horrelako batean, Zumetak, garai bateko Real Madrideko Raúl imitatuaz eta area barruan ukitzen duen baloi oro sareratzea lortzen duen jokalaria dela demostratuaz, 1-0koa ipini zuen markagailuan. Emaitza honekin aldagelaratu ziren 2 taldeak.

Nazional 3. Mailako Laskorain K.E. 2014-2015 (Arg.: Aitor Garcia)
Bigarren zatia hasi bezain laster eta aurten aurrera pauso bat eman nahi duen Manso jokalariak, amaiera bikaina eman zion Joniko eta berak eginiko jokaldi bikain bati, 2-0koa ipiniaz. Bazirudien gol honek min egingo ziola kanpoko taldeari. Tolosalakoek, aldiz,  intentsitate puntua igo eta partiduaren bila joateko gogoa demostratuaz etxeko taldearen minutu kaxkarrenak azaleratzeko gai izan ziren. Horrela, presioan lapurtutako baloi bati esker, aldea murriztea lortu zutelarik.
Partidu berri bat hasten zen etxeko taldearentzat, gola gutxi ez balitz, azken 12 minutuak 5 faltarekin defenditu behar izan zituzten, baina partiduak 40 minutu irauten dituela eta lanean jarraitu behar zela argi zeukaten jokalariek.
Horrela, Zumetak bandan eginiko bakarkako jokaldi bati amaiera bikaina emanez lehendabizi, eta aurten golarekin “feeling” berezia duen Etxebek ondoren, bere bolada onari jarraipena emanaz, aldea handitzea lortu zuten, 4-1ko markagailua jarriaz.
Lana geratzen zen aurretik oraindik, 8 minutu luze geratzen baitziren. Tolosalako taldeak presioan jarraitzen zuen eta presio gogor honi esker, Laskorainek area ertzean eginiko falta bati etekina ateratzea lortu zuten 4-2koa ipiniaz.
Kanpoko taldea atezain jokalariarekin saiatu zen azken minutuetan baina ez zuten lortu sareratzerik, Aitorren taldeak orden handiz defenditutako minutuei esker. Defentsan lapurtutako baloi bati esker, Zumetak bere hirugarren gola lortu zuen 5-2ko azken emaitza utziaz.
Larunbatean Usabalen, Aratz, Gil, Etxebe, Mendi, Joniko –haserako bostekoa-, Balerdi, Lakun, Xabat, Manso, Murgi, Zumeta eta Josu jokalariak , Javi delegatua, Aitor eta Javi entrenatzaileak izan ziren. Lerro hauetatik animoak Josuri, beroketan txorkatila bihurritu eta taldearekin ezin izango da aritu bi astez.
Oinarriko taldeei dagokienez, ohitura bihurtzen ari den bezela, kadeteek soilik atera zuten heuren partidua aurrera. Emaitza guztiak:
Lurraldeko 2. Maila: Laskorain 2-3 Ataun Troskaeta
Nazional Ohorezko Mailako Jubenila: Cerverano 9-1 Laskorain
Lurraldeko Jubenila: Laskorain 2–3 Inter Intxaurrondo (11 minutu faltan bertan behera, argi faltagatik)
Lurraldeko Kadetea: Erain 4-6 Laskorain

No hay comentarios: