Lehengo asteko
porrota ahazteko asmoz kantxaratu ziren horitxoak Usabal kiroldegira larunbat arratsaldean. Bertan, Lasarteko Aldaz talde gogorra gainditzea suertatzen zitzaion etxeko taldeari
eta ez zuen lider jartzeko aukera
paregabea pasatzen utzi nahi.
Hori dela eta,
gogotsu ekin zioten norgehiagokari Aitor
Garcia “paparazzi”-ren mutilek eta berehala eman zuen fruitua astean zehar
landutako estrategiak, izan ere ongi diseinatutako jokaldi baten ostean iritsi
zen partiduko lehen gola. Etxebek
bikain ateratako falta bati amaiera paregabea eman zion Andonik, baloia sare barrura bidaliz.
Ohikoa den
bezala, denboraldi txukuna egiten ari den talde lasartearra ez zen kikildu eta
kontraeraso batean markagailuan berdinketa ipintzea lortu zuen. Hala ere,
atsedenaldirako minutu pare bat geratzen zirenean Zumetak hain gustuko duen
bigarren zutoinean arratsaldeko bigarren gola sartu zuen eta honela joan ziren
protagonistak aldageletara.
Bigarren zatia
hasi bezain laster, Murgi eta Gil kapitainaren jokaldi ezinhobe bati
bukaera dotorea eman zion azken honek eta bi golera handitu zen aldea etxeko
taldearentzat; baina aurtengo denboraldian tolosarrek partiduak erabakita
uzteko erakusten ari diren ezintasuna agerian utziz, partidua amaierara arte ez
zela erabakiko argi zuten Usabalera gerturatu ziren tifosi horitxoak. Horrela
izan zen, izan ere 12 minutu faltan kanpoko taldeak bigarren gola sartu zuen
kontraeraso azkar batean.
Hala ere, laskoraindarrak
ez ziren atzean geratu eta Etxebe “Hermano mayor”-ek burututako jokaldi apart
baten ostean, larunbat gauetan bezain generoso egon zen, Andoniri hat-trick-a oparituaz.
Baina ondoren,
arratsaldeko minutu tragikoenak iritsi eta zaleen uste okerrenak suertatu
ziren. Lehenbizi,talde bisitariaren hirugarren gola iritsi zen jokaldi nahasi
batean eta segidan
atezain-jokalariarekin berdinketako gola lortuko zuten bi minuturen faltan. Hau
ikusita, entrenatzaile horitxoak atezain-jokalaria ateratzea erabaki zuen eta
lehenengo erasoaldian galdutako baloi baten ostean 4 eta 5-ekoa iritsi zen.
Honela, bigarren porrota jarraian iritsi zen etxekoentzat eta denboraldi
hasierako dinamika onari amaiera eman zitzaion.
Larunbatean, Endika, Aratz, Alonso, Gil,
Murgi, Etxebe, Josu “Miri”, Lakun, Arkaitz, Joniko eta
Andoni jokalariak, Aitor entrenatzailea eta Javi delegatua egon ziren Usabalen. Hemendik, eta elkartearen
izenean, azken honi zoriondu nahi zaio, atzo bere urtebetetzea izan baitzen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario