Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

LASKORAINEK 8-4 GALDU ZUEN CLINICA DENTAL ALDAZ TALDEAREN AURKA

Joan den astean Nazional B mailak aurtengo txapeldun berria dagoeneko izendatu izateagatik agian, larunbatean irtendako egun eguzkitsuaren ondorioz apika, edota baliteke Lasarteko polikiroldegiko kantxa geldo eta astunaren erruz gertatu izana, baina kontuak kontu aurtengo denboraldian jasandako porrotik zabalena jaso zuen Laskorainek joan den egunean Clínica Dental Aldaz talde gipuzkoarraren aurka aritutako partiduan.

Lasartekoek sailkapeneko postu erosoetan diraute aurtengoan eta antza denez, lasaitasunak eta aparteko presiorik gabe jokatzeko eskubidea izateak batzuetan aldeko abantaila ematen omen du eta joan den asteburuan behintzat horrela gertatu zen. Hasieratik nabarmendu zen etxekoen joko ausartaren eragina eta tolosarrak zorte oneko jokaldi batean 0-1 aurreratu arren, aurkariak markagailua biratu zuen berehala 2-1-eko itsusi bat ipiniaz elektronikoan. Murgik 2-2-ko berdinketa egitea lortu zuen baina hau izango zen ikastolakoek arratsalde osoan ikusiko zuten azken argi izpi murritza, ez alferrik beste bi jokaldi erabakiorretan 4-2 aurreratuko ziren Aldazekoak aldageletarako bidea hartu aurretik.

Bigarren zatiak ez zuen bestelako berri positiborik ekarri eta horitxoen kalterako markagailua geroz eta eskuraezinagoa bilakatzen joan zen minutuak aurrera joan ahala. Etxekoak 6-2-koraino urrundu ziren eta atezain jokalariaren taktikarekin jokatutako azken 10 minutuek 8-4-ko azken emaitzarekin itxi zuten neurketa. Ahaztu beharreko arratsaldea beraz joan den egunekoa, eta aurrerantzeko jardunaldiei beste freskotasun batekin aurre egitea beharrezkoa izango da horrelako beste atalbururik errepikatu nahi ez bada behintzat.

Orain bi astetako geldialdia izango da Aste Santuaren ondorioz eta jarraiean hiru neurketa baino ez dira geratuko denboraldiari amaiera emateko, txapeldunordearengatik borrokatzeko aukera dute oraindik Javiren mutilek pizgarri legez, aipatutako helburua lortzea ez litzateke ahuntzaren gauerdiko eztula izango, erreskan lortutako bigarren urtea genuke tolosarrentzat eta dagoeneko heldutasuna erdietsi duen talde baten keinurik onena bezela kontsideratu liteke datozen urte itxaropentsuei begira.

Momentuz sailkapeneko hirugarren postura jausiagatik, oraindik jokoan diren 9 puntuak eskuratzeak bere saria izan dezake. Larunbatean Lasarten Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Endika, Barriola, Gil, Murgi,, Iturralde Belloso, Balerdi, Ilunbe, Ekhi eta Aratz izan ziren.

Gorka

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]