Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 4 eta 0 irabazi zion Elorriokori eta gutxienez hirugarren amaituko du txapelketa

Horitxoek gogoan zuten oraindik lehen itzulian jazotakoa. Hamar jardunalditan berdinketa bat eta bederatzi garaipen –azken seirak erreskan- poltsikoratuta bidaiatu baitzuten Elorriora eta hantxe finitu baitzen ezustean arratxa paregabe hura 8 eta 7-ko porrot mingarriarekin. Kirol mendeku egarriz kantxaratu ziren beraz ikastolako mutilak larunbatean Usabalera eta neurketa serio bat osatuaz 4 eta 0 hartu zituzten menpean bizkaitarrak.

Hiru puntu berri eta mendekuaz gain beste bi lorpen ere erdietsi zuten Javik zuzendatutakoek. Batetik, txapelketa amaitzeko bi jardunaldi besterik falta ez direnean, podiumeko postu bat ziurtatu zuten, bigarrena ala hirugarrena izanen den dagoelarik oraindik argitzear.

Bestetik, garaipen berri honekin, taldeak aurten eman duen maila ikusgarriaren froga den beste marka bat ere bereganatu zuten horitxoek: ligako arerio guztiei partida bat behintzat irabaztea, txapeldunarengandik hasi eta faroltxo gorriraino. Puntu gehigarririk ematen ez duen ikur bat dela esango du norbaitek arrazoiz, baina balio sinboliko itzela duenik ezin uka.

Goraxeago aurreratu moduan, larunbatean horitxoek neurketa serio bat jokatu zuten. Maiatzeko larunbat arratsaldeak ez dira lanerako aproposenak izan ohi baina txapelketaren azken hondarrean gaudela gogoratuta, laskoraindarrak azken ahaleginerako prest daudela argi gelditu zen.

Joko dizdiratsurik gabe, baina zehaztasun matematikoz, etxekoek partida laurden bakoitzean gol bana sartu zuten, hamar minuturo bat, garaipena erosoa bihurtu zutelarik. Golak gainera konbinaketa politen ondorioz etorri ziren, azken bultzakada lau golegile ezberdinek eman zietelarik: Barack Telleriak lehena, Txikik bigarrena atsedenaldiaren aurretik, Iturralde rebelazioak hirugarrena eta Barriola kapitainak azkena.

Golegileez gain, elaborazioan bikain aritu zen Murgi Laudrup ezin ahaztu, golean amaituriko konbinaketa gehienen iturburu, eta Aratz eta Endika atezainak ere ez. Azken hauek zati bana jokatu zuten, atea hutsean utziaz, areto futbolean oso zaila izan ohi dena.

Denboraldia Lakunzaren aurka Usabalen errematatu aurretik Santurtzira bidaiatu beharko du datorren asteburuan Laskorainek. Ea larunbatean bezain pozik bukatzen duten Javi delegatuak, Javi entrenatzaileak eta Aratz, Telleria, Gil, Txiki, Zubillaga –haserako bostekoa-, Barriola, Murgi, Illunbe, Iturralde eta Endika jokalariek.

Iñaki

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]