Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek puntu bakarra urratu zuen Euskaldunaren aurka

Aspaldiko lagun zaharra dugun Jacinto Diazen Euskalduna taldeari egin zion bisita Laskorainek larunbat ilunabarrean bigarren itzuliari ekiteko. Sailkapenean alde handi samarra egon arren, ederki asmatu ohi du “Jacin”ek nola jokatu ikastolakoen aurka eta partida erabat orekatua suertatu zen.

Ikastolakoek egindako sakearen ondotik ekin zion partidak eta lehen minutuko elkar ezagutza laburraren ostean, laister etorri zen etxekoen lehen sareratzea. Endikaren ate ingurura gogor ateratako alboko sake bat urruntzen saiatzerakoan, ate barrura bidali baitzuen baloia Laskoraingo defentsak.

Gol honek izoztuta utzi zuen talde oritxoa eta hurrengo minutuetan baloiaren jabetza ikastolakoena izan bazen ere, Andoaindarrek arrisku bizia sortu zuten kontraeraso azkarrak osatuz. Zutoinkada pare bat eta Endikaren gelditu apartei esker izan ez balitz, ezer gutxitarako balio izango zuen Andoni Saldias rockero zaharrak lortutako gol ederrak. Beñatek egindako jaurtiketa bat hanka puntarekin ikutu eta banakoa lortu zuen inor konturatzerako.

Partidako lehen golak izoztuta utzi bazituen ere, azken honek lasaitasuna eman zion taldeari eta atsedenaldiaren aurretik 1-3 aurreratu ziren ikastolakoak Iñigok egindako bi golei esker.

Zailena eginda zegoela zirudienean, atsedenaldia egindako akatsak zuzentzeko probestu eta bigarren zatiari ekin zioten Javiren mutilek. Norgehigokak ordea, partida hasierako gidoi berbera hartu zuen. Laskorainek ez zun asmatu Andoaindarren joku zuzena gelditzen eta joku horrek sortutako korner eta alboko sakeek min handia egin zioten taldeari. Albo banatatik ateratako bi korner baliatuz, partida berdintzea lortu baitzuen Euskaldunak.

Elolak, jokaldi polit bati amaiera dotorea emanez egindako gol ederrak ez zuen balio izan defentsako dinamika kaskarra gelditzeko. Laskorainek egindako 4. golaren jarraian etxekoen erantzuna etorri baitzen beste estrategia jokaldi batean.

Andoaindarren azken gola estrategia jokaldi batetik iritsi ez bazen ere, ikastolakoei hainbeste buruhauste eman zizkion korner ingurutik iritsi zen. Pase luze bati aurrenekoan erantzunez eta ia angulorik gabe egindako jaurtiketa bikainak aho zabalik utzi zituen kiroldegira gerturatutako zale guztiak.

Laskorainek ordea ez zuen amore eman eta Barriolak, dagoeneko beterano, egindako jaurtiketa batek sareetarako bidea hartu zuen aurkari batengan jo eta atezaina nahastu ostean. Handik aurrera eta azken segundurarte bi taldeek izan zituzten partida euren alde ipintzeko aukera garbiak baina epaileek azken txistua jo zutenean berdinketarekin konformatu behar izan zuten.

Puntu bakarreraren itzuli ziren beraz, Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Endika, Beñat, Andoni, Joseba, Unai, Jon, Elola, Iñigo, Ekhi eta Aratz jokalariak.

Harrobiari dagokionez, Aitorren taldeak bolada onari jarraipena eman dio eta 6-4 garaitu zuen Lazkao. Aipagarriak partida honetan Makuk lortutako hat tricka eta Lizaren kutxarilla. Ikerren 3. taldeak ere garaipen ederra lortu zuen Azpeitiarrak 4-1 garaitu ostean.


Unai

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]