Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 4-6 irabazi zuen Billabonako derbia eta bigarren darrai sailkapenean

Ez zuen batere hutsik egin pasa den larunbatean Billabonako Olaederran jokaturiko derbiak. Laskorain eta Lakunza aurrez aurre, neurketak bizilagunen arteko neurketek izan ohi dituzten osagaiak izan zituen: intentsitatea defentsan, baloi jabetza laburrak erasoan, markagailu parekatua eta emozioa harmailetan. Azken uneetako ahaleginean nagusitu ziren tolosarrak 4 eta 6.

Ikastolakoek ederki zekiten egutegiak lehen itzulia amaitzeko egokituriko jardunaldia benetan zela zaila, Nazional mailan lehiatzen duten bigarren denboraldian Billabonako garraiolarien kantxatik oso puntu gutxik egingo baitute ihesi. Partiduaren derbi izaerak gainera zailagoa bihurtzen zuen erronka.

Nolahala, futbolaren paradoxak, horitxoak partida erabakitzeko puntuan izan ziren lehen zatian. Etxekoen lehen minutuko txanpari bikain eutsi eta gero, zehaztasun suitzarrez eraikiriko hiru jokaldietan 0-3 aurreratzea lortu zuten Barriola, Zubillaga eta Saldiasen golei eskerrak. Ondoren ordea, laugarrena sareratzeko aukera galanta hutsegin zuten eta atsedenaldiaren aurretik billabonatarrek beraien estrainekoa egin atezain jokalariarekin, etxekoen entrenatzailearen ausardiaren fruitu.

Norgehiagokak bizirik zirauen eta nola gainera; aldageletatik bueltan etxekoek bigarrena egin zuten eta Barriolak 2-4-koarekin erantzun bazuen ere, garraiolariek ez zuten amore eman eta ederki aprobetxatu zuten bi epaileetako batek horitxoengan eragindako arreta hutsunea launako berdinketa ipintzeko. Gol ikusgarria gainera berdinketarena.

Azken minutuetan eta berdinketa luminosoan, unerik zail eta erabakiorrenean alegia, horitxoek beraien bertsio onena eskaini zuten eta hamar metroko jaurtiketa erratu baten eta langakada baten ostean iritsi zen bosgarrena, berriro ere Barriola kapitainak sinatua. Jarraipenean Txikik egingo zuen lasaitasunaren seigarrena azken segunduetan.

Goraipatu nola ez aste honetan 27 urte bete dituen Barriola kapitainaren partidua. Amaroztarren ezaugarri den irabazle senaren jabe Unai hamargarren denboraldia ari da osatzen Laskorainen eta jada klubaren behi sakratuetan sakratuenetarikoa bihurtu da. Adinaren zama.

Gainontzean, gauza asko gehitu balitezke ere larunbateko derbiari, aurreko mendeko 20. hamarkadan Bilbon entrenatzaile izan zen Pentland maisu handiak bere patxada ingelesarekin irakatsi ohi zuena gogoratu behar: “galtzen denean gauza gutxi esan behar da, eta irabazten denean are eta gutxiago”. Hala bedi.

Iñaki

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]