2009-12-21

Laskorainek 3-3 berdindu zuen Transportes Lakunzaren aurka jokaturiko derbian eta lider darrai

Urtero garai honetan ematen den gabonetako etenaldiaren aurretik, Villabonako Transportes Lakunza bizilagunaren aurka jokatzea egokitu zitzaion Laskorain areto futbol taldeari joan den larunbatean Usabalgo polikiroldegian. Jakina da horrelako neurketek jokalari eta zalegoaren eragingarri moduan funtzionatzen dutela eta oraingoak ez zuen salbuespenerako biderik hartu.

Zirrarez beteriko lehia aparta bizi izan zen nahiz kantxa barruan zein harmailetan, bi alderdietako taldekide eta jarraitzaileek barruan zuten guztia eman zutelarik azken garaipenerako zidorra aurkitzeko asmotan, ondorio legez adostasunean amaituriko 3-3-ko emaitzak itxi zuen bide batez 2009 urtearen azken partidua. Puntu banaketa dena den, ez zen ez bata eta ez bestearen nahia hasetzeko lain izan, biek izan bait zuten garaipena esku eskura neurketa bere osotasunean aztertu ezkero.

1-0 aurreratu ziren horitxoak Gil TDI-ak estraineko minutuetan eginiko gol bati esker, jarraiean gol aukera oparo ikuskatu ahal izan ziren Endika atezainaren ingurunean batipat, baina azken honen lanak golik jaso gabe aldagelaratu zituen ikastolakoak abantaila xume baino garrantzitsu batekin.

Bigarren zatia hasi bezain pronto ipini zuen 2-0-koa Gilek berriro, kaleraturiko jokalari kanpotar bat zela medio hiruren aurka jokatu beharreko 2 minututako tarteari etekin bikaina atereaz. Lakunzakoek dena den ez zuten amorerik eman eta berehala lortu zuten aldearen murrizketa 2-1-ekoa igoaz markagailura. Telleriak berriro aurreratu zituen Alonsoren mutilak 3-1-ekoa sareratuaz, baina Villabonakoak, ahalbide eta aukera guztietan sinistuaz 3-3-ko adostasuneraino ailegatu ziren. Istilu eta iskanbila ugariren ondorioz, azken 30 segunduetan 2 jokalari gutxiagoren aurka aritu ziren tolosarrak baina kanpotarren atezaina bere lursaila ondo zaintzeaz arduratu zen denbora tarte horretan.

Lander, Ekhi, eta Belloso jokalarien bajak zirela eta, Illunbe filialeko jokalariak debuta egin zuen Nazional B mailan, itxura txukuna eta kalitate izpi ugari utziaz lehen taldearekin egindako bere lehenengo minutuetan. Ziur ez direla azkenekoak izango.

Larunbatean Usabalen Javi delegatua, Imanol prestatzaile fisikoa, Alonso eta Javi entrenatzaileak, Endika, Barriola, Telleria, Murgi, Gil, Alonso, Illunbe, Joniko, Zabala eta Urko jokalariak izan ziren lidergoari eutsi ziotenak.
Amatriain

No hay comentarios: