2009-12-14

Asteburuan poto egin arren lider darrai Laskorainek

Berriro ere nazional B mailan bueltan dugun lagun zahar bat bisitatu zuen Laskorainek pasa den asteburuan. Gipuzkoako areto futbolean aski ezaguna den Intxaurrondoko Inter taldea hain zuzen ere.

Sailkapenari erreparatuta, hiru puntu berri eskuratzeko aukera polita zuen ikastolako taldeak baina beti esaten den moduan partiduak jokatu egin behar dira. Honela, beharrezko intentsitaterik jarri ezean zail izaten da aurkariak mendean hartzea.

Larunbat arratsaldeko giro triste eta Mons kiroldegiko iluntasunak kutsatuta taldea behar baino bizitasun gutxiagorekin kantxaratu zen. Modu horretan, partidaren kontrola ezin eskuraturik ibili ziren ikastolakoak haserako minutuetan.

Hala ere, partiduak itxura txarra hartzeko bidea zeramanean Landerrek lapurtutako baloi bati jarraipen ederra eman zioten Joniko eta Barriolak eta arratsaldeko lehen gola sareratu zuen azken honek.

Gol honek ordea, ez zuen partidaren norabidea aldatu eta ikastolakoak kantxan desoroso jarraitu zuten.Horrela, bi taldeak joku korapilatsuan murgilduta zeudenean, errebotez betetako saiakera batean banakoa erdietsi zuen Intxaurrondoko taldeak.

Atsedenaldiaren ostean ordea partida erabat aldatu zen, ez ordea markagailua. Jorge eta Javiren mutilak erabat entxufaturik kantxaratu ziren eta lehen 3 minutuetan 3 aldiz bidali zuten baloia zutoinera. Hasera honek jarraipena izan zuen bigarren zati osoan baina batzuetan aurkariaren atezainak, ikastolakoen akatsak bestetan eta zutoinak beste hainbestetan baloia sareratzea galarazi zuten. Bigarren zati honetan, aurkariak ez zuen jaurtiketa bakar bat ere egin ikastolakoen atera eta horitxoek aldiz, neurri, doinu eta errima guztietako jokaldiak egin arren ez zuten asmatu Intxaurrondoko atezain garaiaren atea zulatzen.

Norgehiagokak beste hiru ordu iraunda ere partidua banakoarekin amaituko zenaren sentsazioarekin eta aurkariak defentsan egindako lana aitortuz, puntu bakarrarekin konformatu behar izan zuten gure mutilak azkenean.

Astean zehar gogor entrenatu eta datorren astean, Billabonako bizilagunen aurka irabazita, zapore mikatz hau kentzeko asmotan bueltatu ziren Javi delegatua, Jorge,Javi eta Imanol prestatzaileak, Endika, Beñat, Lander, Gil, Barriola, Giller, Elola, Joniko, Mikel, Josu eta Urko jokalariak.

Unai

No hay comentarios: