2010-01-10

Bikain hasi du Laskorainek urte berria Elorriokori 9 eta 5 irabazita

Eguberrietako etenaldiaren jan eta edanak ongi liserituta, garaipen batekin ekin zion Laskorainek 2010 urte berriari pasa den larunbatean Usabalen. Ikastolakoek sailkapeneko seigarren postuan kokaturik zetorren Elorrioko talde bizkaitarra 9 eta 5 aise menderatu zuten eta nola ez hiru puntu gehiagorekin lider darraite beste jardunaldi batez.

Joko maila altuegirik izan ez bazuen ere neurketa ikusgarria suertatu zen, erdipurdiko gidoia duten akziozko filme komertzial eta entretenigarri horien modukoa eta Usabalera bilduriko zalegoak ederki pasa zuen arratsaldea “made in Hollywood” bezela sailka dezakegun partidarekin.

Ikusgarria diogu jokaldi gorabeheratsuak, gol aukerak eta golak zaparradan ez baina mara mara bai erori zirelako berrogei minututan zehar, asteburuko elurrari zegokion bezelaxe beharbada.

Etxekoak erabat nagusitu ziren lehen zatian adibidez, lau gol erori ziren; Murgiren, Mikel Alonsoren eta Barriolaren eskutik birritan, laurak horitxoen alde erori zirelarik eta atsedenaldia baina lehentxeago gainera epaileek atezain bizkaitarra expulsatu zuten areaz kanpo eskuarekin bosgarrena ekiditzeagatik.

Aldageletatik bueltan beraz horitxoek bi minutu izan zituzten superioridadean beste gol bat egiteko eta horrelaxe gertatu zen, Barriolak ez baitzuen barkatu bere hirugarrena sareratuaz. 5 eta 0 markagailuan, norgehiagokaren gidoiak erabakita zirudien jada, filmaren amaierak ez zuen misteriorik eta gelditzen ziren hogei minutuak espektakuluz betetzea besterik ez zen gelditzen.

Honela, arratsaldeko gol bikainenari, presio irteeretako pizarran prestaturiko jokaldian Telleriak sarturiko horitxoen seigarrenari hain zuzen (6-0), bizkatarren bi golek jarraitu zioten (6-2). Beranduxeago, Otxoa “Billy the Kid” pistoleroak sareratutako zazpigarrenari (7-2) elorriokoen hiru golek (7-5), baina Otxoa bera berriro ere golegile izango zen (8-5), gatilloa edo kolpekaria kliskatzeko duen abiadura itzelaren beste froga bat eskeiniaz. Bederatzigarrena (9-5) Gil TDI erregaitzak sartuko zuen azken segunduetan.

Aipatu amaitu aurretik, gure eritzi apalerako, partiduko “sheriffa” Barriola kapitain horitxoa izan zela larunbatean. Hat-tricka osatzeaz gain, atzekaldean aurkariari aurreratuaz baloi erabakior asko moztu zituen eta taldearen eraso eta kontraerasoa, biak, ederki antolatu zituen pase zuzen eta zehatzak emanaz. Partida borobila osatu zuen kapitainak, errege roskoia baina borobilagoa.

Liderraren maillotari eutsita, pozik zoratzen joan ziren afaltzera Jorge, Javi eta Imanol prestatzaileak eta Endika, Telleria, Barriola, Murgi, Lander –haserako bostekoa-, Gil, Alonso, Txiki, Otxoa, Elola eta Ezki jokalariak. Baja izan genituen Zabala, Ekhi eta Urko.

Eski

No hay comentarios: