Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorain lider ipini da sailkapenean Ceramicas Nogalesi 5 eta 4 irabazi ondoren

Aurtengo udan, denboraldi berrirako zituzten baja garrantzitsuegatik laskoraindarrak arduraturik zebiltzanean alegia, inork aurreratu balu flashforward bat pairatu zuela eta 11. jardunaldian Laskorain txapelketako lider moduan ikusi zuela, erotzat eta areto futboleko ezjakintzat joko genuen. Baina pasa den ostiralean, 11. jardunaldiaren buruan hain zuzen, Usabalen Ceramicas Nogalesi 5 eta 4 irabazi eta gero, Laskorain txapelketako lider bihurtu da batzuen harridurarako eta besteen ardurarako.

Errua jokalari eta prestatzaile multzo gazte eta ausart batena da. Ilusioz, konpromezuz eta kalitatez borborka aurrerapausu bikaina eman duten jokalariena - naturaltasun osoz bigarren mailako rol batetik rol protagonistara igaroaz- eta G-3 bezela famatu bihurtu diren Jorge, Javi eta Imanol prestatzaileena –zuzendaritzan ere talde lana posible eta onuragarri dela frogatuaz-. Bejondeizuela guztiei.

Aurreko guztiaren adibide, ostiral gauean oso partida polita ikusi ahal izan zuten Usabalera bilduriko zaletuek. Nogalesek aurredenboraldiko lagun artekoan baino maila altuagoa eman zuen eta lan asko egitera behartu zituen etxekoak, bi azterketa, bi une kritiko gurutzatuaraziz gainera.

Partida haseran horitxoen bi gol aukera garbiren segidan zarauztarrek 0 eta 2 aurreratzea lortu zuten eta hortxe bizi izan zuten laskoraindarrek lehendabiziko azterketa. Partida maldan gora, heldutasunez jokatu beharra zegoen, bihotza bero baina burua hotz, eta honelaxe aritu ziren horitxoak Barriola kapitainak, Otxoa pistoleroak eta Barack “Yes We Can” Telleriak markagailura 3 eta 2-koa igoarazi zuten arte. Telleriaren hirugarrenarekin elektrizidadea toperaino igo zen nola kantxan nola harmailetan.

Zailenak egina zirudien eta are eta gehiago atsedenaldiaren bueltan ikastolakoak 5 eta 2-koa ipini zutenean, partidako protagonista nagusi bihurtu ziren Otxoak eta Telleriak beste gol bana sareratzean. Baina asko gelditzen zen oraindik eta bigarren momentu kritikoa zeharkatu beharra zegoen.

Zeramikagileek bi jokaldi soltetan, estratejian, bi gol sartu zituzten eta azken bost minutuetara 5 eta 4 hestuarekin iritsi zen neurketa. Berriro ere heldutasun proba gogorra zen horitxoentzat, hiru puntuek gehiago balio baitzuten beraientzat bisitarientzat baino, baina berriro ere ederki gainditu zuten. Tentsio handikoa izan ziren azken minutuak baina gertuago egon zen laskoraindarren seigarrena bosnakoa baino.

Ez dakigu noiz arte iraungo duen Laskorainen arratxa bedeinkatuak, oraindik gasolinarik gelditzen den ala ez, baina zaletuoi orain arte gozatu duguna behintzat, hori ez digu inortxok ere kenduko. Lider maillotarekin irten ziren Usabaldik, Jorge, Javi eta Imanol prestatzaileak eta Urko, Telleria, Lander, Barriola, Gil –haserako bostekoa-, Giller, Elola, Otxoa, Alonso eta Endika jokalariak. Baja izan ziren Murgi, Zubillaga eta Txiki.

Eski

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]