2008-10-20

Laskorainek 7 eta 2 hartu zuen mendean Ortziri bizkaitarra

Goiz parte erosoa igaro zuen Laskorainek pasa den igandean Usabalen. Txapelketa hasiera honetan arazo dezente pairatzen ari den Ortziri talde bizkaitarraren bisita jaso zuten horitxoek eta motorra gehiegi estutu gabe erraz nagusitu ziren 7 eta 2.

Neurketak ez zuen mami lodiegirik izan. Konparaketa bat egitera ausartzekotan neurketa Enyaren melodia bat bezain armoniatsua eta lasaigarria suertatu zen, krisi garai hauetako estresa borrokatzeko sendagai paregabea eta zalegoak ederki eskertu zuen.

Epaileek hasiera adierazi eta minutu batetara sartu zuen Saldias pitxitxiak etxekoen estrainekoa eta Landerren bigarrengorako hamabost minutu itxaron behar izan baziren ere inortxok ez zuen zalantzan ipini etxekoen nagusitasuna eta garaipena. Atsedenaren aurretik Barriolak sartu zuen gainera hirugarrena, jeinu guztiek duten rebeldia ttantta horrekin.

Bigarren erdian Otxoa ibartarra izan zen Laskorainen laugarrena sareratu zuena Ortzirikoen lehenengoaren aurretik. Bisitarien bizi seinale apal honen ostean ordea ikastolakoek minuturik onenak jokatu zituzten, Alonso entrenatzailearen pizarra gogoan merituzko jokaldi ederrak burutu zituztelarik. Ondorioz, udazkenean San Frantzisko pasealekuko platanondoetatik ostoak erortzen diren bezelaxe erori ziren golak, grabitatearen lege futbolistikoaren eraginez eta Telletxearen, Murgiren eta Telleriaren hanketatik. Klase handiko golak hirurak gainera. Amaierako 7 eta 2-koa azken minutuan sartuko zuten bizkaitarrek.

Esan bezela tolosarren artean zazpi golegile izan genituen gol banarekin, aipagarria benetan, eta beraien artean bat azpimarratzekotan Murgirekin gelditu behar. Laskoraineko mirakusak partida aparta borobildu zuen eta bere jokoan hazitzen ari dela frogatu zuen areto futboleko erraldoi bat bihurtu daitekeelarik oso laister.

Gola sartu ez zutenen artean ere izan zen protagonistarik. Azken jardunaldietan baino minutu gehiagoz gozatu zuen Amatriain taldeko birikak ere partida bikaina burutu zuen, joko dinamikoa erakutsiaz aginte dohainarekin batera taldea kokatzeko orduan.

Bi garaipen erreskan eskuratuta Laskorain zazpi punturekin seigarren kokatu da jada sailkapenean, baina hau hasi besterik ez da egin 26 jardunaldi gelditzen baitira aurretik, Bilboko San Ignacion hurrengoa.

Usabalen Javi delegatuarekin eta Alonso entrenatzailearekin batera, Endika, Amatriain, Telletxea, Saldias, Barriola -haserako bostekoa-, Telleria, Kamio, Gil, Murgi, Otxoa eta Zabala jokalariak atera ziren garaile.
Eski

1 comentario:

Barrimor dijo...

Kronika paregabea eski!!

Laskoraingo partidak kronika irakurri arte bukatzen ez direla pentsatzen hasita nago.