2008-10-13

Laskorainek 3-5 irabazi zuen Andoainen jokatutako derbia

Ondo sufrituta eta azken unean izan bazen ere, berebiziko garrantzia zuen garaipena eskuratu zuen Laskorainek joan den larunbatean Nazional B mailan estraineko urtea duen Andoaingo Euskalduna talde gogorraren aurkako derbian.

Andoaindarren egungo gidaria eta ikastolakoen entrenatzaile ohia izandako Jacinto Díaz-ek gerlariz betetako talde bortitza pilatu du azken bi denboraldietan, joan den urtean etxean partidurik galdu gabe igoera lortzeaz gain, aurtengoan ere barrerik ekingo ez zaionaren mezua argi azaldu duelarik. Ideia garbiak eta tresneria arriskutsua azaldu zituen arerio baten etxean bereganatutako garaipen honek azken asteetako mamuak uxatzeko baliagarri bikaina izan behar luke Alonsoren mutilentzat.

Norgehiagoka berehala ipini zitzaien maldan gora tolosarrei, 1-0 aurreratu bait ziren etxekoak erasoko jokaldi bati bigarren zutoinean bukaera eman eta gero. Horitxoek bestalde, minutu gehienetan jokoaren ekimena eramanik, berehala egingo zuten berdinketa Telleria zilarrezko beltxargaren eskutik. Lehenengo zatiko aukera gehienek soineko horia eraman arren, andoaindarren labanak zorrozturik jarraitzen zuen, eta bi taldeetako atezainen lan onak 1-1-eko isladapenarekin eten zuten markagailua atsedenaldian.

Bigarren erdian, Alonsoren mutilen jokoa gehiago gailendu eta Zabala eta Telletxearen golak zirela medio, 1-3-ko emaitza igo zen elektronikora. Minutu luzeak ziren oraindik jokatu beharrekoak.

Jostaketa eta lehiaketaren arteko bereizketa ezagutzea ezinbestekoa da garaipenak eskuratzeko garaiean, heldutasuna izaten delarik lehiaketarako baliabiderik errentagarriena. Horitxoek arlo honetan kale egin eta 3-3-ko barkaezin bat oparitu zuten jostaketa minutu batzuren ondorioz.

Era berean, heldugabetasuna da orokorrean jostaketa irrikekin batera loturik doan ezaugarririk nagusiena. Orokorrean diogu, larunbatean Laskorainen atean maixuki aritu zen Endika atezainak teoria horren edukina popatik bota bait zuen, bere azken minutuetako gelditu ikusgarriek balioztatu zituztelarik Barriola eta Camioren ondorengo sareratzeak. “Lehiaketa” hitzaren esangura bere osotasunean ulertu zuen 19 urteko atezain laskoraindarrak, 3-5-eko azken emaitza berak bakarrik eta bere kabuz ahalbidetuaz.

Gogotik sufritutako garaipena Javi delegatua, Alonso entrenatzailea, Endika, Amatriain, Saldias, Barriola, Camio, Telletxea, Zabala, Murgi, Gil, Ekhi, Telleria eta Sanz jokalarientzat.
Amatriain

No hay comentarios: