Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 7 eta 6 galdu zuen Durangon Sasikoa taldearen aurka

Eskura eduki arren eta gertu izanagatik ezin izan zuen punturik urratu Laskorainek Sasikoa taldeari joan den igandean eginiko bisita trabatuan. Gol ugari eta beste horrenbeste aukera eskeini zituen partidu ikusgarriak patu gordinegia gorde zuen tolosarrentzat oraingoan, izan ere, Alonsoren mutilek emaitzak isladatzen duena baino meritu gehiago egin bait zuten 40 minutuetan zehar.

Sobera ezaguna zen ikastolakoen partetik durangotarrek maneiaturiko potentziala, Nazional “A” mailan 2 urtetako ibilaldia izan duen Sasikoa taldeak, jokalari arriskutsu ugari bait ditu bere lerroetan, loak hartzeko betarik baimentzen ez duten horietakoak eta ederki azaldu zuten oraingo honetan ere. Kalitatez beteriko jokaldi sorta batek prestatu zuen horitxoen hilobia.

Lehen zatian gardentasunez nagusitu ziren laskoraindarrak, Telleria zilarrezko beltxargak 0-1-ekoa ezarri zuen, bizkaitarrek berdinketaren gola egitea erdietsi zuten jokaldi isolatu batean, baina Telletxeak eta Telleriak beste behin 1-3-koa sinatuko zuten aldageletarako bidea hartu aurretik. Emaitza ezezik, taldeak transmititutako zirrarak ere egokiak ziren ordurarte, tolosarrek joko serio bat erakutsi bait zuten lehen 20 minutuetan, gogor defentsan eta txukun erasoan.

Bigarren zatian bestalde, bizkaitarrek presioari ekin zioten behin eta berriz, Sasikoak egindako bi golek Gil TDI-aren erantzuna jaso zuten, beste bitan zulatu bait zuen Josebak bizkaitarren atea. 3-5-eko emaitzak itxura ona zuen baina minutu ugari ziren oraindik jokatu beharrekoak, durangotarrek dena den, norgehiagokaren zama hartu zuten, eta markagailua biratu zuten 6-5-ekoa ipiniaz. Atezain jokalariaren bitartez, Zabalak norgehiagoka berdindu zuen, baina bukaeran epaileek 10 metrotako jaurtiketa libre bat pitatu zuten ikastolakoen aurka, 7-6-koa erori zelarik etxekoen alde.

Norgehiagoka txarra jokatu ez arren, porrota jaso zuen Alonsoren taldeak eta geratzen diren azken 6 norgehiagoketan ahalik eta itxura onena ematea izan beharko du horitxoen helburua, horretarako norgehiagoka erakargarri dexente geratzen bait dira hemendik amaierararte. Lehen posta, datorren astean Orioko talde sendoaren aurka urrutiegira joateko beharrik gabe.

Igandean Durangon, Alonso entrenatzailea, Javi delegatua, Domentxe, Amatriain, Telletxea, Saldias, Zabala, Joniko, Ekhi, Gil, Telleria eta Arribilaga izan ziren.

Filialari dagokionez, berdinketarekin konformatu behar izan zuen aurtengo maila berriari eusteko izaten ari den lehian.
Amatriain.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]