Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 5 eta 2 irabazi zion Oriokori dizdirarik gabeko derbi batean

Aurreko asteburuan Durangon txapela eskuratzeko lehiari agur esan eta gero, motibazioa bilatu beharrean da berriro Laskorain, beste jomuga batzu finkatu beharrean, burutu duten denboraldi ahaztezina azken jardunaldietan ez narrasteko.

Sekula samurra suertatzen ez den berplanteamentu honetarako oso garrantzitsua zen pasa den larunbatean berriro ere garaipenaren bidera itzultzea, hiru puntu gehiago pilatzea, eta honelaxe egin zuten horitxoek Orioko taldea 5 eta 2 gailenduta. Laskoraindarrek merezita duten baikortasunez egin behar die aurre azken bost partidei.

Usabalkoa ez zen derbi bikainegia izan, egia aitortzeko batere zirrararik eta dizdirarik gabeko derbia izan zen. Kostakoek talde arrokatsua osatzen dute, kalitateari eta joko taktikoari dagokionean batazbesteko maila baino baxuagokoa beharbada, baina konpromezuan, intentsitatean eta ahaleginean punta puntakoa. Ez dira alferrik azken bi denboraldietan gol gutxien jaso dituen taldea izan.

Guzti honen jabe horitxoak nagitsuegi kantxaratu ziren, bai baitzekiten disfrutatzeko baino sufritzeko eta lan egiteko izango zela neurketa eta hori ez zen motibazioa altxatzeko aproposena. Honela lehen zati hotz bat ikusi genuen. Barriolak sartutako golari oriotarrek banakoarekin erantzun zien berehala eta banakoak atsedenerarte iraun zuen, sentsazio gazigozoak sortuaz horitxoengan.

Bigarren erdiaren hasieran ordea Barriolak berriro hautsiko zuen berdinketa, pinballekoa zirudien gol batekin eta minutu batzu beranduago Telleriak partida erabakita utziko zuen horitxoen hirugarrena sinatzean area kanpoko jaurtiketa bati eskerrak. Minutu lasaiagoak izan ziren beraz bigarren zatikoak, horitxoen nagusitasuna islatu baitzuten baina ez ziren ez disfrutatzekoak izan.

Otxoa ibartarrak sartu zuen ondoren laugarrena kontraeraso batean eta Telleria beltxargak berriro bosgarrena. Horitxo gazteek aurten “pausu bat aurrera” eman dutela argi dago, denboraldi “amazing” bat ari direla osatzen inork ezin dezakeelarik uka. Telleria, Otxoa, Gil, Arribillaga, Murgi, Zabala, Zubillaga etabarrekin bermatua dirudi Laskorainen etorkizunak.

Azkenik beste datu bat ere azpimarratu behar, hiru puntu berri hauekin Laskorain dagoeneko 50 puntutara iritsi dela eta iazko errejistroa gainditu duela bost jardunaldiren faltan. Harro irten ziren beraz Usabaldik Javi delegatua, Egizabal eta Alonso entrenatzaileak (Egizabalek jubilaziotik bueltatu behar izan zuen Alonsoren santzioa tarteko) eta Arribillaga, Zabala, Amatriain, Barriola, Saldias –haserako bostekoa, Telleria, Telletxea, Gil, Murgi, Otxoa eta Domentxe jokalariak.

Probintzialeko taldeak, 6 eta 2 galdu ostean, ezin izan zuen emaitza positiborik ekarri Zaldibitik.
Eski.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]