Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 1-1 berdindu zuen Ancla-Dosampor taldearen aurka

Bestelako merezimenduak eginagatik eta markagailuaren estutasunak erakusten duen emaitza txiroaren ondorioz, puntu banaketarekin konformatu behar izan zuen Laskorainek joan den larunbatean sailkapeneko erdialdeko postuetan kokaturik dagoen Ancla-Dosampor taldearen aurka indarrak neurtu eta gero.

Usabalen gertatutako informatikaren festa dela eta, Ibarrako polikiroldegira mugitu behar izan zuten ikastolakoek aurtengo denboraldiko azken laugarren norgehiagokari ospakizuna emateko.

Egia esan, partiduaren minutu gehienek kolore horia eraman zuten gol aukerei eta baloiaren jabetzari dagokionean, bilbotarrek aldiz, kalitate mugatuko taldea izan arren, ezusteko bat baino gehiago eman dute aurtengo denboraldian, urriak baina ondo landuak dituzten baliabideei aparteko etekina ateratzen jakin bait dute urte osoan zehar. Joko zuzena, estrategia etengabea eta talde jarrera kontserbakorrak zazpigarren postu eroso eta errespetagarri batean kokatu ditu orainartean.

Norgehiagoka hasi bezain pronto aurreratu ziren etxekoak 1-0, Zabala gazteak area erdialdean erremataturiko jokaldi bati bukaera bikaina eman ondoren. Aipatu bezala, laskoraindarrek eraman zuten norgehiagokaren pisu guztia ondorengo minutuetan baina aldea areagotzearren egindako saiakeretan ez zuten zorterik izan.

1-0-ekoa estu bezain arriskutsua zen, eta horrela frogatu zuten bizkaitarrek, falta jaurtiketa batean eta 4 minuturen faltan berdinketaren gola egin bait zuten. Tolosarrek atezain jokalariaren bitartez egin zuten azken ahalegina, bukaera honetan, bi ateetan gertatu zirelarik abagune garbiak baina markagailua ez zen mugitu.

Berdindutako norgehiagoka honek, puntu banaketaz gain, tolosaldeako areto futbolaren Paul Newman den Egizabal maixuak aulkitxoan egindako etapa motz honen amaiera suposatzen du, Alonso entrenatzaileak bere lekua berreskuratuko bait du berriro datorren astean isuna bete ondoren.

Taldearen izenean, eskerrak eman nahi zaizkio kronika honetan Egizabal Kontxako “Pakito” izurdeari, igeriketa saioetan burubelarri murgildu den arren, areto futbolaren sekretuak ahaztu ez dituela erakutsi bait du, zuzendu dituen hiru partiduetan 7 puntu eskuratuaz.

Larunbatean Egizabal entrenatzailea, Javi delegatua, Domentxe, Amatriain, Zabala, Barriola, Murgi, Telletxea, Telleria, Ekhi, Gil eta Arribilaga izan ziren Ibarran.

Filialari dagokionez, 7-3 irabazi zuen mailari eusteko egiten ari den ahaleginean aurrera pauso bat emanaz.
Amatriain

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]