Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Soloarte talde bizkaitarra mendean hartzea lortu zuen etxetik kanpo Laskorainek (2-5)

Aurreko asteko sentsazio gazi-gozoak ezabatzeko eta lehengo urteko joko maila erakusteko intentzioz ekin zion bidaiari igande arratsaldez Laskorain taldeak Basauriko Soloarte taldeari zor zion bisitan.

Talde tolosarraren identitate bihurtu den zonakako defentsaren planteamenduarekin ekin zion norgehiagokari taldeak, kontraerasoan min egiteko asmoz. Aurreko partiduko intentsitate mailarekin zerikusirik ez zuen defentsak, erasoan lehen abaguneak sortzeko aukerak eman zizkion taldeari.
Minutuak pasa ahala, bizkaitarrek defentsan uzten zituzten hutsuneak hobeto aprobetxatzen ari zen ikastolako taldea eta horrela, Aranburuk eskuaira eta kartaboiarekin marraztutako paralela bikain bati bukaera ezin hobea  eman zion Vazquez asturiar printzeak.  Bi minutu beranduago Aranburu bera izango zen goleatzailea, atezainaren aurrean maisuki iskin egin ondoren baloia sareratuz.
Bi goleko errenta garrantzitsuarekin atsedenaldira iristeko intentzioarekin, taldeak intentsitate maila altua mantendu behar zuen, baina Soloartek ondo diseinatutako alboko sake baten ondorioz, aldea murriztea lortu zuen. Gol honek, talde guztiaren pultsazioak igo eta nerbioak azaleratzea eragin zuen, baina larrialdi une hauetan aditua eta espezialista den Jonikok, berriro ere 2 aldeko diferentzia ezarri zuen markagailuan, atsedenaldira iritsiz.
Bigarren zatiko gidoia ez zen aldatu eta basauritarren jokaldi arriskutsuei, Iker atezainak geldialdi ezin hobeak ematen zizkion bitartean, kontraerasora bizkor ateratzen zen talde tolosarra. Horrela, 1-2 2-1 galgo karrera bailitzan, kantxa guztia ziztu bizian zeharkatu eta urrutiko jaurtiketa baten ondorioz eta 3x2ko nagusitasun egoera aprobetxatuz ondoren, Mattinek, bizkaitarren atea birritan zulatzea lortu zuen 1-5eko emaitza ezarriz.
Partidua azken minutuetan sartu zen eta horrela, 7 minutu faltan, etxeko entrenatzaileak atezain-jokalaria kantxaratu zuen.  Defentsan lana egitea tokatzen zen oraingoan. Ezin hobeto defendatu zen 5x4 egoera hau, baina urrutitik eginiko jaurtiketetan ez ziren fin ibili ikastolakoak. Azken aukeran, Soloartek, bukaerako 2-5eko emaitza ezarri zuen.
Aipatzekoa Juaristiren debuta Laskoraingo lehen taldearekin. Badirudi azkenaldian larunbat gauetan elizara eginiko bisitek fedea piztu duela jokalari gaztearengan eta ate aurrean asmatzen ez duen arren, gogotik egin zuen lan defentsan.
Lana gogotik eginda, igandean Basaurin -Zuhaitz, Beñat, Etxebe, Juaristi eta Joniko –haserako bostekoa-, Iker, Katta, Mattin, Aranburu, Manso eta Vazquez jokalariak, Aitor entrenatzailea eta Javi delegatua izan ziren.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]