Norgehiagoka
zaila zuen ikastolako taldeak pasa den jardunaldian, sailkapeneko 4. postuan
kokaturik, denboraldi bikaina egiten ari Santurtziren aurka neurtu baitzituen
indarrak. Urte luzeetan Nazional B mailan aritutako esperientziadun jokalariei
harrobiko gazteak gehituta talde orekatu bezain arriskutsua osatu dute Nerbioi
ezkerraldekoek.
Larunbat
arratsaldean jokatutako partidarako Txikiren baja izan zuen Aitor
prestatzaileak. Bere lekua, Josu Iturralde gazteak hartu zuen, taldea egiten
ari den belaunaldi aldaketaren lekuko garbia. Saralegi jubenilak ere
protagonismo berezia izan zuen, lehenengo zatian bera izan baitzen horitxoen
atea zaintzearen arduraduna. Lan bikaina egindakoa gainera, bizkaitarren
sareratze ahalegin guztiak ekidin baitzituen.
Laskorain ere ez
zen aurkariaren ate aurrean batere fin ibili ordea eta lehen 20 minutuak lehiatu
ostean markagailuan bere horretan mantendu zen, 0-0.
Gol zaparrada
bigarren zatian heldu zen, partidaren intentsitateak eraginda nekeak eragin
zituen baloi galerak ederki probestu baitzituzten kanpotarrek. Urruntzen asmatu
gabeko baloi bat sareetara zuzenduz aurreratu ziren santurtziarrak eta Gil
kapitainak bolea dotore batekin markagailua orekatu bazuen ere beste bi jokaldi
inozotan 1-3koraino joan ziren kanpotarrak.
Defentsa lerroa
aurreratuz ikastolakoek zirt edo zart egin zuten eta Zumetaren asteroko
golarekin markagailua estutu bazuten ere ustekabeko arerioa izan zuten
horitxoek. Ezer ez zuten bi jokalditan txartel bana aterata Gil kapitaina
kaleratu eta taldea 5 faltekin utzi zuen epaile agurgarriak. 3 jokalarirekin
ahalegin eskerga egin zuen taldeak markagailuari eusten baina txistulariaren
laguntzarekin berriz ere 4. gola lortu zuten kanpotarrek.
Azken 2
minutuetan amorrazioz jokatu zuten etxekoek atezain jokalariarekin, baloia
ederki mugituz eta Telleriak 3-4koa ere egin zuen jokaldi polit batean.
Ahaleginak ahalegin, etxekoek ez zuten gol gehiago egiteko zorterik izan eta
santurtziarrek azken segundoan egindako golak markagailua itxi zuen, 3-5.
Aste honetako
porrota lehen-bailen ahaztu eta datorren astean izango den tolosarren arteko derbyari
begira erretiratu ziren Javi eta Aitor prestatzaileak, Saralegi, Alonso, Gil,
Vazquez, Iturralde, Telleria, Zumeta, Joniko, Etxebe, Ekhi eta Endika
jokalariak.
Harrobiari
dagokionez aldiz albiste paregabeak izan ditugu, Santxo Panzaren denboraldi
hasierako astoak, lasterketetako zaldien abiadura hartu eta sailkapenean gora
eta gora jarraitzen baitu. Aste honetan Zurt tabernaren aurka 4-3 nagusituta
sailkapeneko 3. posturaino igo dira etorkizuneko Laskorain osatzen ari diren
mutilak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario