Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 5 eta 3 irabazi zion Zarautzi eta zortzigarren da sailkapenean

Azken jardunaldiko Gasteizko porrot zalapartatsua berehalakoan ahazteko xede irmoarekin kantxaratu ziren Usabalera larunbatean horitxoak. Zarautz bisitari, arpegi biziki ezagunak topatu zituzten parez pare; eta Urnietan sortu eta Astigarragan ezagutzera eman zen Nogales famatu haren oinordekoaren aurka milagarren derbia jokatu zuten nor baino nor.

Esan bezala Aitorren mutilek amorratzen ekin zioten partidari eta ziklogenesi leherkor jarrera honen eraginez goitik behera gailendu zituzten zarauztarrak lehen hogei minutuetan zehar. Josu Iturraldek, Joniko Otxoak eta atezain kanpotarrak bere atean sartutako golek guztiz zilegizkoa bihurtzen zuten aldageletara bidean markagailuak aditzera ematen zuen 3 eta 0ko argia.

Aldageletatik bueltan ordea otzanago agertu ziren ikastolakoak, akaso kanpotarrak erneago, eta indarrak zeharo orekatu ziren. Horitxoek laugarrena egin bazuten ere, Eñaut Vazquez gazteak hain zuzen, ondoren zarauztarren bi gol iritsi ziren eta instante batez partida berriro hasten zela iruditu zitzaigun.

Eskerrak, taldeak gehien behar zuenean,Txiki agertu eta bosgarren erabakiorra sareratu zuen berehala. Ez da lehendabiziko aldia gainera. Azken minutuetako kostakoen hirugarrena eta atezain jokalaria anekdota hutsean geldituko ziren zorionez.

Garaipen garrantzitsu honekin 2013 urte berrian jokaturiko hiru partidetan laskoraindarrek 4 puntu gehitu dizkiote sailkapenari eta zortzigarren erdi-erdiko postuan kokatu dira oso berdindua ageri den txapelketan. Datorren jardunaldian aste honetan Billabonan hiru puntuak eskuratu dituen Gora tadeari egingo diote bisita Gernikara.

Oso gustura igaro zuten larunbat ilunabarra Javi delegatuak, Aitor eta Javi entrenatzaileek eta Endika, Aratz, Telleria, Balerdi, Etxebe, Txiki, Josu, Manso, Joniko, Eñaut eta Zumeta jokalariek. Aipatu Santxoren filialak 3-1 galdu zuela Zaldibin eta Mallorgaren jubenilak 5-6 irabazi zuela Hirukide Barrantolen kantxan.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]