Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 4-5 galdu zuen Goierriren aurka

6 astetan porrotik jaso gabe egon eta gero, pasa den larunbat goizean zakuan punturik pilatu gabe errenditu behar izan zuen Laskorainek. Ikastolako mutilek, duela urte asko ez, gipuzkoako areto futboleko derbi ohikoenetakoa zena errepikatu zuten Goierriren aurka eta azken segundoetan jasotako gol baten ondorioz 4-5 galdu zuten.
 
Azken egunetako jai egunek eraginda ezohiko ordutegian jokatu zen norgehiagoka. Harmailetan pilatutako zaleek bazkalosteko kafearen ondorenean ez baina, gosea pizteko balio izaten duen marianito eta azeitunak dastatu ondoren izan zuten usabalgo festa, eguerdiko 12etan.
 
Ordutegi aldaketarengatik edo, lehenengo zati aldrebesa bizitu zen kantxa gainean. Inoren nagusitasunik gabeko joko onetan goierritarrak izan ziren lehendabizi aurreratu zirenak baina atsedenaldia iristerako markagailua 2na orekatu zen.
 
Bigarren zatian ere Urretxuko taldea izan zen lehenengo kolpea emango zuena 2-3koa markagailura igoz. Talde horitxoa ordea ez da erraz amore ematen duen horietakoa eta lehen 20 minutuetan gertatu bezela maldan gora ipinitako partidari kemenez oldartu zitzaion. Gil rockero zaharrak sinatutako hat-trick bikainari Jonikok gehitu zion taldeko 4. gola minutu bakarraren faltan taldea aurreratuz.
 
Zailena eginda zegoenean ordea zorigaiztoko azken minutua iritsi zen. Urretxuarrek zirt edo zart atezain jokalaria atera zuten eta lehenengo saiakeran partida orekatzea lortu zuten. Berdinketarekin konformatzeko asmorik ez eta etxekoak izan ziren oraingoan atezain jokalaria kantxaratu zutenak. Emaitza ordea erabat alderantzizkoa suertatu zen, kanpoakoak izan baitziren berriro ere gola egiten asmatu zutenak ikastolakoen baloi galera bat probestuz.
 
Eskura eskura izan eta ihes egindako hiru puntuak datorren astean berreskuratzeko asmotan erretiratu ziren aldageletara Javi delegatua, Aitor entrenatzailea, Endika, Beñat, Etxebe, Gil, Zumeta, Vazquez, Ekhi, Joniko, Alonso eta Aratz jokalariak.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]