Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 1-1 puntu bikaina lortu zuen Tecuni Bilbori eginiko bisitan


Armiarmenak baina ugariago bilakatu diren Wifi sareen segurtasuna dela eta ez dela, aurreko astean zehar danon ahotan ibili zen Bilboko Deustura bidaiatu zuen Laskorainek joan den larunbatean. Sailkapeneko bigarrenari egin zion bisita, dela ez hainbeste urte lehenengo mailan lehiatzeraino iritsi zen Tecuni Bilbo ahaltsuari eta ikastolakoek puntu bat arrantzatu zuten banako bati eskerrak.

Berdinketa berri honekin horitxoek sei jardunaldi daramatzate jada porrotik jaso gabe, nahiz eta sailkapenean dizdira handiegirik ezin atera, seitik bost berdinketak izan baitira eta garaipenak hiru puntu balio dituenetik berdinketaren puntu bakarra sari urri eta txiroa suertatzen baita.

Bizkaiko hiriburuan nolahala laskoraindarrek berdinketa begiak itxita sinatuko zuten partida aitzinetik. Arerioaren mailari filialeko jokalariz josiriko deialdiarekin egiten zioten aurre eta askoren aburuz erronkak salbaezina zirudien. Defentsa landu batean oinarrituaz ordea partida bikaina osatu zuten tolosarrek, denbora guztian bilbotarrak kontrolpean mantentzea erdietsi zutelarik.

Lehen zatia hutsnakoarekin finitu zen eta bigarrenean jokaldi eztabaidagarri batean etxekoek ireki zuten markagailua. Kolpea kolpe horitxoek serio jarraitu zuten berean eta aurten estrainekoz –bazen garaia- areto futbolean oso mugitua bihurtu ohi den partidaren hondarrean puntu bat berreskuratu zuten Zumeta “haur prodijioaren” golaren ondorio.

Gogoratu eta goraipatu filialetik igo berri den Zumetak bi jardunalditan hiru gol sartu dituela, Usabal aldean momentuko sentsazioa bihurtuaz. Baina berarekin batera Bilbon filialeko jokalari gehiago izan zen, Eñaut eta Manso ere bertan baitziren eta hiruen maila bikainak merezi du aipamena.

Puntu bat zakuan eta Javi delegatuak prestaturiko patata tortila eta gazta tarta ahoan, oso gustura egin zuten etxerako itzulia aipatu Javik, Aitor entrenatzaileak eta Endika, Aratz, Alonso, Gil, Ekhi, Txiki, Manso, Eñaut eta Zumeta.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]