Ligako lehen bi
jardunaldien ostean sailkapenean punturik ez izateak sor lezakeen bertigoak
alde batera utzi eta zaleen aurrean lehen garaipena eskuratzeko sinesmen
osoarekin agertu ziren larunbat arratsaldean ikastolako jokalariak Usabalera.
Etxekoen egoera berean zegoen Gernikako Gora taldea zuten aurkari eta partida
oso txukun bat jokatu ostean 4-1 nagusitu zen Laskorain.
Partidako lehen
minututik nagusi izan zen ikastolako taldea, Aitorrek zuzendutako mutilen
zonakako defentsak baloi ugari lapurtzeko aukera eman zien etxekoei eta presio
lerroa aurreratutakoan ere, aurkariak ezin baloia jokatuta atera eta
taldekiderik bilatzen ez zuten pase luzeetara jo behar izan zuen.
Defentsan
egindako lan onaren ondorio izan ziren lehen zatian lortutako hiru golak,
lehenengoa Etxebek sareratu zuen, berak lapurtutako baloi bat jaurtiketa
eraginkor batekin borobildu ostean. Beste bi sareratzeak Jonikok gauzatu
zituen, kantxa erdian bereganatutako bi baloi zein baino zein jokaldi
politagorekin errematatuz.
Atsedenaldian
Bikutz tabernak eskainitako saskiaren zozketa ondorenean ere partidak bere
horretan jarraitu zuen. Gernikarren intentsitateak behera egin zuenean aukera
garbiak eta ugari izan zituen Laskorainek aldea areagotzeko, atezainaren lan
ona eta jokalari horitxoen kontzentrazio faltak ordea markagailua bere horretan
mantendu zuten.
Etxekoentzako
arrisku bakarra bigarren zatian pilatutako falta ugarien ondotik iritsi zen,
inozoki egindako hanka-sartzeen ondorioz 10 metrotako bi jaurtiketa izan
baitzituzten aurkariek. Dena den, Endika seguru aritu zen bi jaurtiketetan eta
denboraldi hasera honetako zirrara bilakatu den Eñautek 4. gola egindakoan
partida erabakita geratu zen.
Norgehiagokaren
azken hondarrean aurkariak egindako golak 4-1 emaitzarekin itxi zuen, 3 puntuak
eskuratzeaz gain, pasa den denboralditik zetorren dinamika txarra eten eta
konfiantza berreskuratzeko balio behar duen partida hau.
Gustura irten
ziren larunbatean Usabalera gerturatutako zale guztiak, lehen taldearen
garaipenaz gain harrobiko beste bi taldeek ere aurrera atea baitzituzten euren
partidak. Bitik bina garaipenekin sailkapenaren puntan dira harrobiko bi taldeak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario