Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 3-5 galdu zuen Aurrera Vitoriaren aurka bere debutean

Larunbatean eman zion Laskorainek bere historiako 20. denboraldiari hasiera. Iaz 2.B-ko txapelketan jokatu ondoren –mailari eusteko bi puntu eskasen faltan amaitu zuten-, horitxoak 3. mailan dira berriro, beraien habitat naturalean, 20 urteko bilakaeran 12. aldiz arituko baitira bertan.

Nahiz eta iazkoarekin ezin alderatu, aurtengo txapelketa ere erakargarritasunez betea dator. Laskoraindarrek maila altuko arerioekin lehiatuko dute, iaz ezik beraiek baino maila altuagoetan aritutakoak zenbait, baina erakargarritasunik handiena Tolosaldeako lau taldek jokatuko dutela da. Ikusiko dugu “game of thrones” partikular honetan zein egiten den burdinezko tronoarekin.

Gauzak larunbatean ez ziren batere ondo hasi. Azken epaia denborak emango duen arren, hasiera batean txapelketako oilartxo bat den Aurreraren bisita jaso zuten ikastolakoek eta partida merezimendu guztiz galdu zuten 3-5.

Ez dakigu aurredenboraldiko nekea izan zen, Usabalgo sargori itogarria ala baja ziren jokalarien hutsunea, baina horitxoek partida makala osatu zuten. Jokoz eta intentsidadez baxu, erasoan ez zuten minik egin eta defentsan gailenduak izan ziren behin eta berriz, lehen zatia izan zelarik larriena. Atsedenaldiko 0-2koa gasteiztarrentzat baino tolosarrentzat zen hobea.

Berragerpenean gauzak zertxobait parekatu ziren baina baloia eskuaz ikutzeagatik Murgiren expulsioa suposatuko zuen penaltian, bisitariek hirugarrena sartu zuten. Ondoren horitxoek atezain jokalaria atera zuten, bikain burutu gainera, eta markagailua apaintzea behintzat lortu zuten.

Datu positiboekin amaitzeko, ederki aritu zen Eñaut Vazquez gaztearen debuta azpimarratu behar da eta hiru golegileak gogoratu: Ekhik, Etxebek eta Txikik egin zuten gol bana, danak atezain jokalari jokaldian. Bide batez, ziur gaude aurten hiru jokalari hauen protagonismoa inoiz baino handiagoa izango dela.

Burua jada bigarren jardunaldian zutela irten ziren Usabaldik Javi delegatua, Aitor Garcia entrenatzailea eta Endika, Telleria, Gil (k), Etxebe, Ekhi –haserako bostekoa-, Txiki, Murgi, Vazquez, Beñat Balerdi eta Aratz jokalariak. Zarautzen Lander, Joniko eta Alonso berreskuratzea espero da.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]