Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek ez zuen aukerarik izan Pinseque liderraren aurka eta 4-8 galdu zuen

Ebrosalarekin batera sailkapenaren buru den Pinsequeren bisita jaso zuen Laskorainek joan den larunbatean. Erronkaren zailtasunaren jakitun, horitxoek bi argudio errepikatzen zituzten itxaropena suspertu nahirik: “Ebrosalak berdinketarekin konformatu behar izan zuen Usabalen” eta “lehen itzulian Pinsequen garaile irten ginen”. Argudio eta itxaropen hauek ordea ez zuten oraingoan gehiegi iraun eta 4-8 erori ziren ikastolakoak.

Lehiaketaren fase aurreratu honetan argi dago jada txapelketa Aragoiko bi talde hauen artean erabakiko dela eta Tolosan ikusitakoaren arabera Zaragoza hiriburura baino hogei minutatara kokatzen den Pinsequera joan daiteke txapela, Ebrosalakoekin alderatuta askoz itxura sendoagoa eta ahaltsuagoa eman baitzuten pinsequetarrek.

Teknika eta fisiko bikaineko jokalariz hornituak baloiarekin bikain agertu ziren nola joko posizionalean nola estratejian, baina are eta bikainagoa izan zen baloirik gabe emaniko erakustaldia. Defentsa oso aurrean, ia kantxa guztian presionatu zituzten horitxoak maisutasunez, baloiaren jabetza eta joko ekimena argi eta garbi monopolizatuaz.

Tolosarrentzat beraz sufrimentu handiko arratsaldea bihurtu zen –sekula ez da gustoko platerra hain nabarmen gainditua izatea-, baina ezin zaie ezertxo ere leporatu eta tokatzen zitzaiena bete zutela aitortu behar da: amore ez eman, lanean eskuzabal jarraitu eta azken uneraino saiatu, modu batera ez bada bestera.

Neurketaren kontakizuna labur egin daiteke: kolore bakarreko lehen zatia, azken segunduan jasotako gol baten ondorioz 0-3 aldageletara, Villanuevak zozketatutako ardo sortak ere gozatu ez zuen atsedenaldi mikatza eta gol askoko bigarren zatia horitxoek atezain jokalari atera ostean. Azpimarratu hori bai golegile laskoraindarrak Gil eta Murgi, Murgi eta Gil izan zirela, bina golekin bakoitza.

Laskoraindarrak azken aurren jarraitzen dute sailkapenean eta postu bat aurreratu beharra daukate nola edo hala. Zazpi jardunaldi gelditzen dira horretarako, zazpi jardunaldi buru-belarri zain eta muin egiteko lan azkeneraino.

Usabalen sufritzaile izan ziren Javi delegatua, Javi, Aitor eta Jorge prestatzaile troika eta Endika, Telleria, Murgi, Loitzun, Lander –haserako bostekoa-, Gil, Joniko, Etxebe, Ekhi, Txiki eta Aratz jokalariak.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]