Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 2-1 galdu zuen Labastida-Atenearen etxean.


Urteak joan eta urteak etorri, ligako partidarik zailenetakoa izaten da Tolosaldeako kirol talde guztientzat inauterien ondorengo norgehiagoka, eta estatistika horiei arrazoia emanaz esku hutsik bueltatu zen ikastolako taldea Arabara egindako txangotik.

Tolosarron egunerokoan parentesia izaten den aste zoroaren ondoren entrenatzeko ia betarik gabe egin behar izan zuten Gasteizerako bidaia Javik gidatutako mutilek. Labastida-Atenea, sailkapeneko postu erosoetan kokatuta egonik, aurkariaren erlaxazio ttiki hori aprobetxatzeko asmotan joan zen puntu premia larrian dagoen talde horitxoa.

Dena den, Titanic, Vasconia secret eta txaranga doinuak laster asko ahaztu zitzaizkien horitxoei 40. segundorako aurreratu baitzen talde Arabarra. Jokaldi zoro baten aldaratzean, Endikaren atea zulatu baitzuen aurkariak areaz kanpoko jaurtiketa batekin.

Markagailuan atzetik izanagatik ordea, Laskorainek ez zuen bururik galdu. Defentsan lanean serio ihardun zuen eta erasoan Murgiren aldrebeskeriak baliatuz Labastida-Atenearen atea estutu zuten. Honela, Iñigok berak aurkari bati izkin egin ostean burututako jaurtiketak Gasteiztarren atea zulatu zuen atsedenaldira banako berdinketarekin iritsiz.

Bigarren zatiaren hasieran ikastolakoak gogotsu ekin zioten lanari eta aukera politak izan zituzten baina aurkarien atezainak bata bestearen atzetik ezereztatu zituen. Bi atezainak protagonista izan ziren 40 minutuetan, euren geldiketekin partidako onenak izan baitziren.

Minutuen aurrera egin ahala ordea, ikastolakoei nekeak erasan zien eta erasoan izandako baloi galera baten ostean etxekoan aurreratu ziren kontraerasoa bikain errematatuz. Gasteiztarren bigarren gola zama handiegia izan zen Laskorainentzat eta atezain jokalaria erabili arren ezin izan zuen punturik eskuratu.

Azkenaldian defentsan izandako hobekuntzak erasoan ere bere fruituak emango dituen itxaropenez bueltatu ziren Gasteiztik Javi delegatua, Aitor eta Javi entrenatzaileak, Endika, Beñat, Gil, Murgi, Joniko, Ekhi, Asier, Xabi, Txiki, Lander eta Aratz jokalariak.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]