Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorain punturik gabe itzuli zen Basauritik Soloarteren aurka galdu ostean

Bolada bikainean den eta ligako jokurik erakargarriena egiten duen Soloarte talde indartsuaren aurka neurtu zituen indarrak Laskorainek pasa den jardunaldian. Taldeko baja ugariak estaliz, bigarren astez jarraian lan bikaina egin duen Josuk eta lehenengo aldiz deialdian sartu den Beñatek Balerdik osatu zuten deialdia. Anekdota bitxia azken hau, Laskorain Kirol Elkarteko mutilen taldea sortu zen urte berean jaio baitzen Beñat gaztea.

Partidaren lehenengo zatia etxekoena izan zen nabarmen. Gol aukera gehiegi izan ez bazituzten ere, baloiaren jabetzan nagusi izan ziren eta Endikaren ate ingurura iritsitakoan zorrotz asmatu zuten. Atsedenaldira 3-0 argi batekin iritsi zen norgehiagoka, soinean 10 zenbakia zeraman etxeko jokalariak egin zituen hirurak, zein baino zein ederragoak.

Partiduak oso tankera iluna zuen arren, Laskorainek ez zuen inongo momentutan etsi eta bigarren zatiak beste itxura bat izan zuen. Defentsa lerroa aurreratu eta kantxa osoko presio gogorra eginez Laskorainek bere minuturik onenak eman zituen.

Presio horrek eragindako baloi lapurreten ondorioz aukera onak izan zituzten ikastolako mutilek, baina aukerarik garbienean kale egin zuten, Atezainaren aurrean bi jokalari bakarrik egon arren, horitxoek ez zuten asmatu eta kontraerasoan etxekoen laugarrena iritsi zen, 3-1ekoa izan zitekeenetik 4-0kora pasatuz.

Dena den, talde horitxoak presioa landuz jarraitu zuen eta 4-2 gerturatu zen aurkari batek bere atean egindako gol ulergaitz eta Saldiasen beste gol batik esker. Ikastolakoen minuturik onenak izan ziren, bigarren zatiaren erdia baino gehiago falta zen oraindik eta partidaren dinamika ero honetan gusturago ziren jokalari horitxoak.

Minutuek aurrera egin zuten ordea eta aukera onak sortu arren aurkarien atezainak lan ederra eginez etxekoen abantaila bere horretan mantentzea lortu zuen. Etsi-etsian Laskorainek atezain jokalaria erabili zuen 2 minuturen faltan baina aurkariak zuku gehiago atera zion ikastolakoek baino. Barriola beteranoak egindako golari bi golekin erantzun baitzion etxeko taldeak 6-3ko azken emaitzarekin partida itxiz.

Lehen itzuli borobila osatu eta gero kaskar samar hasi du Laskorainek bigarren itzulia. Azken 12 puntuetatik 4 soilik poltsikoratu eta gero erreakzionatu beharrean dira gure mutilak. Horretarako Gernikako Zuzenbide talde gogorraren aurka aritu beharko dute datorren larunbatean Usabalen, partida zail bezain erakargarria.

Itzulerako bidaiak, animoak altxatzeko balio izan zuen. Iturralde gaztea goiz osoan sukaldean sartuta mantendu zuten tortila patata gozoak eta Uribe ikastolakoen jarraitzaile sutsuak lortutako ogi karraskariekin egindako ogitarteko ederrak, partidako tristura nahikoa arindu baitzuten.

Azkenik aipatu, Aitorrek gidatzen duen bigarren taldeak ere 1-4 galdu zuela Anoetaren aurka eta Ikerrek daraman hirugarren taldeak berriz 2-4 irabazi Denak Tabernaren aurkako derbya.

Unai

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]