2009-10-26

Laskorainek 5-1 menderatu zuen Euskalduna taldea eta lehen postuan jarraitzen du

Nota onarekin ebatzi zuten horitxoek joan den larunbatean Ibarrako Belabieta polikiroldegian jokaturiko erronka arriskutsua, izan ere parez-pare garaitu beharreko taldea Andoaingo Euskalduna arrokatsua bait genuen. Tolosarren ezagun zaharra eta andoaindarren egungo entrenatzailea den Jacinto Díaz maixuak, jokalari indartsu eta langilez jositako taldea eraiki du eta laskoraindarren bostgarren garaipena ekiditeko asmo betean kantxaratu ziren kanpotarrak joko zuzen eta defentsa sendo batean oinarriturik.

Ondo baino hobeto hasi zen norgehiagoka, 2-0 aurreratu bait ziren etxekoak Telleria eta Ekhik buruturiko sareraketa banari esker, Euskaldunakoek dena den ez zuten inungo momentutan bururik makurtu eta Endikaren atea modu nabarmenean estutu ondoren, 2-1-ekoa erdietsi zuten lehen zatia amaitzeko 3 segundu falta zirenean. Kolpe gogorra ikastolakoentzat, erabat garbi ikusitako egoera azkenean lausotu egin bait zen aldageletarako bidean.

Aro digital honetako Laskorainek dena den, modu guztietako baliabideak trebatu ditu hilabete hauetan zehar eta lehenengo zatian erdipurdikoa zena, balekoa bihurtu zen bigarren erdirako. XXI. mendean erabat murgilduak egonik, areto futbol moderno batek behartzen duen zehaztasun eta automatizazio maila erabat menperatu dituzte horitxoek, era berean eta berrasieran, kantxa barruan aplikatutako hizkuntza binario batean komunikatzen hasiko ziren Alonso eta Javiren mutilak, segidan andoaindarren lerroak nabarmenki gainditu eta 5-1-eko emaitza potoloarekin amaituaz. Golegileak Lander, Zabala eta Barriola izan genituen.

Tolosarren bostgarren garaipena da erreskan eta orain arte bidean puntu bakar bat ere laga barik lidergoan darrai taldeak. Gazteen egokitzapen prozesua errealitate bat da dagoeneko eta bolada bikain honi ahalik eta luzapen haundiena ematea da oraingoz epe motzerako planteatu den helburu nagusia. Datorren astean Urretxura mugituko da Laskorain beste garaipen zail eta berri baten bila.

Larunbatean Ibarran, Javi entrenatzailea, Javi delegatua, Imanol prestatzaile fisikoa, Endika, Barriola, Telleria, Lander, Gil, Alonso, Belloso, Ekhi, Zabala eta Urko jokalariak izan ziren garaipenaren errudunak.
Bigarren taldeak 3-4 irabazi zuen Lezon Yustos (3) eta Igartua “rockero” zaharrek eginiko golei esker, hirugarren taldeak aldiz 7-7 berdindu zuen bere norgehiagoka.


Amatri

1 comentario:

barrimor dijo...

era digitalerako filosofada hortan galdu ein naiz...