Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 2-3 garaitu zuen Clinica Dental Aldaz eta lider jarraitzen du

Txapelketa hasiera honetan ibilbide ezberdina izan duten bi talde izan genituen aurrez aurre pasa den asteburuan Lasarten. Alde batetik, jokoan ipini diren puntu guztiak poltsikoratuta zituen Laskorain eta bestetik, sailkapeneko azken postuetan eta punturik gabe zegoen Clinica Dental Aldaz taldea.

Liga hasieran ordea arriskutsua izaten da sailkapenari begiratuta norgehiagoka baten iragarpenetan hastea. Larunbatekoa izan genuen adibide garbia, sailkapenak erakusten duenetik hurrun, partidu oso orekatu bat ikusi baitzuten Lasarteko polikiroldegira bertaratu zirenek.

Etxekoek planteamendu argia kantxaratu zuten. Atzean, oso atzean, sendo mantendu eta kontraerasora bizi irten aukera txikienarekin batera. Epaileek txistua jo eta segundu gutxitan etxekoek lortutako golak, oraindik eta atzerago eraman zuen Lasartearren defentsa lerroa.

Ikastolakoak berriz, kantxa argitzen zuten eguzki izpiek lausotuta, ez zuten liga hasiera honetan erakutsi duten txispa hori plazaratu. Denboraldian aurreneko aldiz markagailuan atzetik eta aurkaria euren porteriko langatik zintzilik, maldan gora ipini zitzaion partidua Laskoraini.

Partiduak 40 minutu irauten dituela jakinda, patxadaz hartu eta baloia hara eta hona mugitzen hasi ziren J bikoitzaren mutilak. Sortu ere, sortu zituzten makina bat gol aukera baina aurkarien atezainaren lan onak eta ikastolakoen hutsegiteek, markagailua bere horretan mantendu zuten atsedenaldirarte.

Bigarren zatiak ere gidoi berdina izan zuen lehen minutuetan, Laskorainek izan zuen baloiaren jabetza eta Aldaz taldea gogor bere lubakian sartuta. Partida ikustera bertaratu zirenek aurkariaren ateari Beotibar pilotalekuko frontisaren antza hartzen ari zirenean ordea, kontraeraso bizkor bati esker etxekoek bigarren gola erdietsi zuten. Malda gero eta gogorragoa ikastolakoentzat.

Une horretan, bere anbulantziako argi guztiak piztu eta ikastolakoen erreskatera agertu zen Joniko, berak aurkitu baitzuen zulaezina ziruiden frontisean zirrikitua 7 minuturen faltan, itxaropenerako argi izpi bat piztuz. Denborak aurrera egin zuen ordea eta atezain jokalaria kantxaratu zuen Laskorainek. Modu horretan iritsi ziren bi taldeak azken minutu zirraragarrira.

Aurreko astekoa errepikatuz, Beñat Telleriak beste harritzar bat bidali zion Barriolari eta honek egindako jaurtiketa sare barrura joan zen langan jo eta gero 50 segunduren faltan. Partida guztian lokartuta egon zen txispa hori berpiztu zion gol honek Laskoraini eta Gil TDIak presio bikaina burutu ostean Jonikori emandako pasea atea barrura bidali zuen azken honek. 7 minuturen faltan shock egoera zena, eromena bihurtu zen 7 segunduren faltan.

Markagailuan 39 minutuan atzetik, 53 segundutan berdinduta eta 7 segundutan soilik aurretik izanda 3 punturekin bueltatu ziren Javi delegatua, Jorge, Javi eta Imanol prestatzaileak, Endika, Beñat, Unai, Joseba, Lander, -haserako bostekoa- Iñigo, Giller, Mikel, Ekhi, Iñigo, Joniko eta Urko jokalariak.


Unai

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]