2009-03-24

Laskorainek 3 eta 4 galdu zuen azkeneko segunduan Jarrillerosen aurka

Liderraren eta Nogalesen aurkako neurketetan bi garaipen erreskan erdietsi eta gero, Laskorainek erlaxatuta jaso zuen Portugaleteko Jarrillerosen bisita. Egia erran, San Joseko zubia eta udaberriaren lehen printzek ekarritako eguraldi ederra ez ziren lehiaketarako gonbiterik onena eta horitxoen lasaitasuna areagotu besterik ez zuten egin.

Aurrekoa nahikoa ez balitz bezala, Jarrillerosekoak bizpahiru bajarekin agertu ziren Usabalera eta partidaren lehen hemeretzi minutuak Scorpionsen “Send me an angel” balada bezain lasai eta armoniatsuak suertatu ziren. Jokoan jaun eta jabe horitxoek bi jokaldi bikainetan bi gol sartu zituzten -bata Amatriain arrokak Ekhiren jokaldia probestuz eta bestea sasoi bikainean den Murgik Landerren pase zorraragarriari amaiera emanaz- eta honela lasaitasuna lasaikerian bihurtu zen.

Zer esan nahi duen honek? Bada garaipena errazegia antzeman zela, defentsako lana zertxobait urritu zela eta juxtu atsedenaldiaren aurretik eta ondoren bizkaitarrek bi gol sartu zituztela. Errebotez eta zorte handiarekin sartutako estrainekoa izan zen hain zuzen partidoaren melodia aldatu zuena, etxekoen garaipena zalantzan egon zitekeenaz ohartarazi baitzituen bi taldeak.

Binakoarekin partida desberdina jokatu zen, askoz orekatuagoa eta ikastolakoek izan bazuten ere baloia eta joko ekimena, Jarrillerosekoek ez zioten borrokari muzin egin eta baloi luzeen bitartez ederki ustiatu zituzten beraien aukerak. Baina horitxoak gehixeago ziren eta 3-2koa egin zuten, armailen harridurarako Amatriain izan zelarik berriro ere golegile. Uste baino gehiago sufrituta baina azkenean garaipenak ziurra zirudien.

Areto futbolean ordea azken segunduraino ezin daiteke ezer esan eta are eta gutxiago atezain jokalariaren taktika erabili daitekeenetik. Bizkaitarrek jokaldi hau erabili zuten azken hiru minutuetan eta amaierarako 18 segundu faltan hirunakoa ipini zuten kanpoko jaurtiketa ikusgarri baten bitartez. Ondoren, berdinketak uzten zuen zapore txarra saihestu nahiean, etxekoek aterako zuten atezain jokalaria, badakizue, zirt edo zart, arre edo so, baina jokaldia gaizki irtengo zitzaien, baloi galera bat tarteko bizkaitarrek laugarrena sartu baitzuten markagailuko bozinarekin batera.

Burumakur irten ziren Usabaldik Javi delegatua, Alonso entrenatzailea eta Endika, Telleria, Telletxea, Lander, Murgi –haserako bostekoa-, Zabala, Amatriain, Zubillaga, Gil eta Domentxe jokalariak. Amaitzeko, asteburuko albiste ona filialak ekarri zuela azpimarratu behar da, bigarren sailkatuari 5-1 irabazi baitzion eta igoera play-offetik gertuago kokatu bait da.
Eski

No hay comentarios: