Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 4 eta 5 galdu zuen Elgoibarko Kenci taldearen aurka

Aurtengo Nazional B mailak eskeiniko dituen derbi gipuzkoar anitzetako beste bat ikusi ahal izan zuen joan den Larunbatean Usabalgo polikiroldegira gerturaturiko zalegoak, baina laskoraindarren filmeak orain artean eta gehiegi errepikatzen ari den gidoi berdinarekin jarraitzen du azken asteetako amaiera berbera errespetatuaz beste atal berri batean.

Dagoeneko jardunaldi ugari pasa dira eta tolosarren zoriak ez du aldatzeko arrastorik agertu oraindik, egoera onartu eta Alonso entrenatzaileak bere aginduetara duen tresneriarekin 180º-tako itzulipurdi bat lehen bait lehen ematea beste erremediorik ez zaio geratuko taldeari sailkapeneko ohorezko postuetara ahalik eta azkarren hurbildu nahi izatekotan. Epe motzerako helburuak finkatu eta puntuak berehala eskuratzea ezinbestekoa bait da denboraldiko sasoi garrantzitsu honetan.

Arerioa horitxoen antzeko maila ematen ari den Elgoibarko Kenci taldea izan zen, esperientzi haundiko jokalariez osatua, baina beste talde askoren moduan, puntu ahul dexente agertu zituena 40 minutuetan zehar. Etxekoek dena den, makina bat hutsune erakutsi zituzten denbora tarte horretan eta bisitariek ederki atera zuten etekina eskeinitako gakodun jokaldi guztien lepotik.

Modu horretan beraz, ikastolakoen aldeko 4-3-ko emaitzarekin aldagelaratu ziren bi taldeak lehen zatiaren bukaeran Ekhi, Joniko, Murgi eta Telleriak eginiko golei esker. Bitartean eta ohikoa izaten ari den moduan, kolore eta zapore guztietako aukera garbiak hutsegin ziren Elgoibarko atezainaren aurrean.

Bigarren erdian berriz, Alonsoren mutilek ez zuten golik egin eta Kencikoek aldiz, azken minutuetan elektronikoa biratu zuten 4-5-eko behin-betiko markagailua eskuratuaz.

Zorte txarrari, konzentrazio eta sinismen falta gehitzen bazaizkio, orokorrean porrota jasotzen da. Horrela laburbildu daitezke tolosarren larunbateko eta aurtengo norgehiagoken gehiengoa. Pulamentuzko gol bakar bat jaso gabe eta sinistu ezineko aukerak hutseginda kopetilun amaitu zutelarik partidua taldekide guztiek.

Datorren astean Iturriondo liderra jasoko dute horitxoek, garaipen batek konfidantza eta indarra emango dituelakoan daude, Javi delegatua, Alonso entrenatzailea, Domentxe, Telleria, Saldias, Murgi, Ekhi, Telletxea, Zabala, Amatriain, Gil, Joniko eta Endika jokalariak.

Bestelakoa da filialak hartu duen joera. Oraingoan, Errexil Taberna menderatu zuen 4 eta 2, Elola (2) eta Igartuaren (2) golei esker. Garaipen arratxa honen ondorioz, goiko postuetan kokatzen ari dira azkenaldian Andonik zuzentzen dituen mutilak.
Amatriain

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]