2008-11-24

7-4 galduta esku hutsik itzuli zen Laskorain Portugaletetik

Aspaldiko neurketarik eskasena jokatu zuen Laskorainek joan den larunbatean Portugaleten eta aitzakiarik onartzen ez duen porrota pairatu zuen Jarrilleroseko beteranoen aurka. Defentsa lanean izandako arazoen erakusle da 7-4-ko azken emaitza mingarria.

Sailkapeneko goiko postuei eusteko puntu premian, ikastolakoak partidaren bila kantxaratu ziren eta arriskuak bereganatuaz goran presionatu zuten. Helburua baloiaren jabetza eskuratzea zen eta eraso posizionalean partidari erritmo altua ematea, horrexek baitzirudien garaipenerako biderik aproposena kalitatez aberats baina fisikoki behartsu agertzen zen Jarrillerosen aurka. Ustel irten ziren ordea.

Egia da presinaren ondorioz horitxoek izan zutela baloia denbora gehienean baina alfer alferrik izan zen, bi arrazoigatik. Batetik, baloiaren jabetza uste baino garestiago ordaindu behar izan zuten, portugaletekoak, eskarmentu handiko jokalariak izaki, komeni baino gehiagotan izan baitziren gai horitxoen presina gainditzeko eta gol aukera garbi garbiak sortzeko. Bestetik, baloia eskuratuta laskoraindarrek ez zuten eraso posizionalean behar bezela jokatzen asmatu, erditik saiatu baitziren behin eta berriz irtenbidea bandetatik zetorrenean eta berriro bizkaitarrek kontra argiak izan baitzituzten.

Partida amaieran Javi delegatuak ederki laburbiltzen zuen: “ustez erakargarria edo rentablea zirudien inbertsio batetarako (baloi jabetzarako) kostu bat ordainduaz (Jarrilerosekoen kontrak) apalankatu edo zorpetu egin gara eta erabat ustekabean maileguaren kostua inbertsioaren errentagarritasuna baino handiago izan da”. Horixe ba, bankarrota; ez dezala Zabala bankario berriak horrelako eragiketa asko egin bere lanpostu berrian.

Kontuak kontu, horitxoek erreakzio gaitasuna behintzat erakutsi zuten, hiru bider lortu baitzuten markagailua berdintzea atzetik ipini eta gero. 1-0-koaren ondoren Saldiasek egin zuen banakoa, 2-1-koaren ondoren Otxoak binakoa eta 4-2 ipini eta gero piskanaka piskanaka goruntz datorren Zubillagak eta Telletxea rockero zaharrak ekarri zuten launakoa. Baina hortxe gelditu zen dena eta azken minutuetako atezain jokalari estratejiak onura beharrean kalte gehiago ekarri zuen.

Aipatu bukatzeko, bajen madarikazioak beste jardunaldi batez ere indarrean dirauela. Barriolak, Murgik eta Amatriainek ez zuten Portugaletera badaiatu eta berragertzen ari zen Lander berriro lesionatu zen kantxaratu eta lau minutu eskasetara. Animo eta babesa guztioi, bukatuko da ditxozozko arratxa hau.

Kopetilun itzuli ziren Tolosara Javi delegatua, Alonso entrenatzailea, Eski material arduraduna eta Uribe, Zabala, Saldias, Telletxea, Otxoa –haserako bostekoa-, Telleria, Camio, Gil, Zubillaga eta Domentxe jokalariak.

Laskorainen bigarren taldeak txapelketako oilarretako bat den Donibane Pari Berri pasaitarrari 1 eta 3 irabazi zion Yustos, Elola eta Igartuaren golei esker eta hemendik aurrera asmo haundiagoko helburua izango du.
Eski

No hay comentarios: