Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 4 eta 4 berdindu zuen Usabalen Ancla Dosanpor sestaotarraren aurka

Uztaila amaieran Euskal Futbol Federazioak bere web orrian denboraldi berriko egutegia zintzilikatu zuen unetik zekien Laskorainek lehen jardunaldi gogorrak egokitu zitzaizkiola, beraien artean antza ikaragarria duten hiru aurkari arrokatsu izango zituela kurtso berria agurtzeko. Inork susmatzen ez zuena ordea zera zen, ustegabeko etsai bat gehituko zitzaiola itsasontzi horitxoari, momentuz behintzat proatik eta bortitzegi datorren zortearen haize kapritxosoa.

Horrelaxe da. Orain arte Laskorainek jokatu dituen bi neurketak ikusi dituenak lasai esan dezake ikastolakoek joko onarekin ekin diotela txapelketari, taktikoki bere bi aurkariak ongi menperatu dituztela, iniziatiba eta baloi jabetzan erraz nagusitu direla eta ondorioz lau edo sei puntu behar lituzketela sailkapenean. Arrazoiz beteriko ondorioa da azken hau, baina faltsua tamalez, errealitatea oso bestelakoa bait da eta zaku horitxoan larunbatean Usabalen Ancla Sestaotarraren aurka eskuratutako puntu bakarra baitago.

Aurreratu moduan larunbatean nabarmena izan zen horitxoen nagusitasuna jokoari dagokionean, eztabaidarik ez dago horretan, baina area barruko jokaldietan isladatzen asmatu ez zenez nagusitasun hori alferrikakoa bilakatu zen bigarrengo astez eta markagailuaren gorabeherak beste lojika bat jarraitu zuen. Partida hasieran bizkaitarrek sartu zuten estraineko gola kontra batean, baina horitxoek aitaren batean eman zioten arraultzopilari itzulipurdia Saldias pitxitxiaren bi goli eskerrak. Tolosarrek aldea areagotzeko aukera franko gozatuagatik ere, bi minutuko superioridadea barne, 2 eta 1-koarekin aldagelaratu ziren atsedenaldira.

Berrasieran, partidak kontrolpean zirudienean, bizkaitarrek berdinketa lortu zuten kanpoko jaurtiketa baten bitartez eta beranduxeago, Telleriaren zutoinkada baten jarraipenean eta karanbola bat aprobetxatuaz 2 eta 3-koa ere sareratu zuten. Kolpea ikaragarria zen baina horitxoek bikain erreakzionatu zuten eta berriro ere estu hartu zituzten sestaotarrak ondorengo minutu luzez. Gil TDI-ri gol bat anulatuko zieten epaileek, abantaila legea existitzen dela ahaztuta edo, baina Lander Camiok hirunakoa ipiniko zuen gol ikusgarri batekin eta Saldiasek hat tricka sinatuko 4 eta 3-koarekin. Zailenak egina zirudien, baina atezain jokalariaren estratejiarekin bizkaitarrek launakoa sartuko zuten amaierarako 20 segunduren faltan eta Sanzen merituzko geldituak saihestuaz. Puntu banaketa finean.

Etxekoetan goraipatu nola ez Saldiasen hiru golak -lau egin ditu dagoeneko bi jardunalditan iazko Nazional Bko pitxitxi handiak- eta Camio eta Sanz aurtengo fitxaketen errendimendua. Landerrek partida ederra borobildu zuen jokaldi bikainak burutuaz eta 2 eta 3-koarekin bera izan zen erreakzioaren protagonista nagusi taldearen erantzunkizuna bere gain hartuaz. Sanzek aldiz partida txukuna burutu zuen orokorrean, hilabete dezenteko geldialdiaren ondoren baleko maila ari delarik ematen.

Kolpeak kolpe, eta bi jardunalditan bi gogor xamar jaso dira, taldeak ezin du inolaz ere konfiantza eta patxada galdu, tentsio eta antsietateari leku eginez. Merkatu finantzarioetan ezezik kirol lehiaketan ere altxor preziatua da konfiantza ez galtzea eta taldeak bi jardunalditan erakutsi duen solbentzia horretarako adinakoa da. Emaitza onen ondorioz etortzen direla konfiantza eta patxada? Egia galanta, baina alderantzizkoa ere, konfiantza eta patxadak ekartzen dituela emaitza onak alegia, ez da gezurra.

Usabalgo palkoa presiditu zuen Jone Urteaga ikastolako zuzendariarekin batera, Javi delegatua, Alonso entrenatzailea eta Sanz, Amatriain, Barriola, Saldias (3), Gil -haserako bostekoa-, Telletxea, Telleria, Camio (1), Murgi, Otxoa, Zabala eta Endika jokalariak izan ziren larunbatean Laskorainen ordezkari.
Eski

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]