Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 6 eta 2 hartu zuen mendean Usabalen Bilbo Exbasa talde bizkaitarra

Denboraldiko hamabigarren garaipena poltsikoratu zuen Laskorainek kalderero egunez Usabalen eta 37 punturekin zakuan sailkapeneko hirugarren postuari gogor eusten dio liderrarengandik hiru puntutara. Ikastolakoek ez zuten errukirik izan iaz azpitxapeldun amaitu zuen Bilbo Exbasarekin eta 6 eta 2 gailendu ziren nagusitasun osoz.

Partidak, bigarren erdiko hasierako minutuetan ezik, Laskorain izan zuen jaun eta jabe. Horitxoek joko hobea erakutsi zuten orokorrean eta bilbotarren puntu ahulak agerian ipini zituzten. Zilarrezko mailan lehiatzen duen klub bateko filialari dagokion bezala kalitate tekniko handiko jokalariak ditu Bilbo Exbasak, baina lanerako eta ahaleginerako prestutasun eskasekoak, partidak irabazteko kalitatea edukitzeaz gain korri ere egin beharra dagoela oraindik ulertu ez duten horietakoak.

Alonsoren mutilen garaipena hasieratik antzeman bazen ere, bitxia eta korapilatsua izan zen bere bilakaera. Hasteko, bilbotarrek lehen zatian izandako gol aukera bakarrean partidako estraineko gola sartu zuten; eta egia bada ere atsedenaren aurretik, Saldias kapitain eta pitxitxiak lehendabizi eta Yustosekin batbikoa eginda Otxoa ibartarrak segidan, 2 eta 1-koa ipiniko zutela, horitxoentzako ez ziren oraindik arazoak amaituko.

Aldageletatik irtendakoan Bilbotarrek beraien bertsiorik onena eman zuten eta lan eskerga egin behar izan zuen Domentxe horitxoen atezainak 2 eta 1-koari eusteko. Bilbotarrek gainera oparia lortu zuten azkenean: kontraeraso bat ekiditeagatik epaileek Giller expulsatu baitzuten, bi minutuetarako edo berdinketararte etxekoak bat gutxiagorekin utziaz kantxan.

Baina opari honek amanita phalloides batek baino pozoin gehiago izango zuen Exbasakoentzat. Domentxe, Gil, Amatriain eta Barriolak aparteko ikustaldia eman zuten bi minutu horietan eta bat gutxigo izan arren, golik ez jasotzeaz gain partida erabaki zuten Barriolaren bi golei eskerrak. Minutu zirraragarriak izan ziren oso, baina unerik zirraragarriena parrafo oso bat merezi duen Barriolaren bigarren gola suertatu zen.

Barriolak, defentsan pase marra bikain presionatuaz, baloia berreskuratu eta kontraeraso bizkorra burutu zuen atezain bilbotarraren aurreraino iritsiaz eta jokalari txarrak, ertainak, onak eta jeinuak bereizten dituen trantze horretan, Unaiek baloia bere bizkarretik gora jaurtiaz (ez gara nahastu… ondo esan dugu… bizkarretik gora jaurtiaz) puxika bat marraztu zion atezainari, txapela kentzeko moduko gola sareratuaz. Zaletu guztiek zutik ipinita txalotu zuten sekula ahaztuko ez duten gola, Rio de Janeiroko Copacabana hondartzan edo Cirque de Soleileko emanaldi batean ote zeuden galdetuaz bata besteari.

Ondoren Barriolak bere hirugarrena sartuko zuen, hat-tricka sinatuaz eta Saldiasek bere bigarrena, azken minutuan iritsiko zelarik bilbotarren 6 eta 2-koa. Arratsalde errepikaezina igarota, oso pozik irten ziren Usabaldik laskoraindar protagonistak: Javi delegatua, Alonso entrenatzailea eta Domentxe, Amatriain, Giller, Barriola, Saldias, Gil, Otxoa, Murgi, Zubillaga, Yustos, Telletxea, Urko eta Beñat Led jokalariak. Aipatu, debutatu ez bazuen ere, Led filialeko kapitaina goiko taldearen deialdian egon zela lehendabizikoz. Aspalditik merezi zuen sari hau.

Eski

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]