Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 3 eta 2 galdu zuen Astigarragan Gipuzsalaren aurkako derbia

Nazional B txapelketako norgehiagokarik erakargarrienetako bat jokatu zuten Laskorainek eta Gipuzsalak pasa den larunbatean Astigarragan. Aurrez behinik behin, neurketak kirol honek maila honetan izan dezakeen glamour guztia biltzen zuen: sailkapeneko hirugarrena eta bigarrena nor baino nor, Kirolgiren babesarekin igoera helburu duen Gipuzsala proiektua ikastolakoen harrobiaren aurka alegia, derbi baten saltsa eta pay per view ordutegia, arratsaldeko zortziretan hasi baitzen partida.

Egia esan neurketak kirol arloan espero zitekeena eman zuen eta Astigarragako polikiroldegira jende multzo ederra hurreratu zen, areto futbol gipuzkoarreko hainbat arpegi ezagun barne, baina glamour gutxi arnastu ahal izan zuten Tolosatik joandako zaleek, zera egiaztatu zutelarik gainera: prentsaurrekoetako foko dizdiratsuen itzalean, Gipuzsala proiektuak, izen berberatik hasita, txabakanismora eta arrunkerira erortzeko arrisku gehiago duela glamourrera baino.

Aurreratu bezala partidak kirol maila ona eskeini zuen. Lehen zatian batez ere, bi talde sendo ikusteko parada izan genuen, talde lana bikain burutuaz defentsan eta baloia ondo ikutu eta zainduaz erasoan pazientziaz. Gol aukerak ere izan ziren, argiena Yustosek emandako zutoinkada bat, baina atezainek ez zirela arratsalde pasa joan frogatu zuten: Arribillaga ibartarrak behintzat oso lan ona burutu zuen. Horitxoentzat txarrena Telletxea areto futbol katedratikoaren lesioa suertatu zen, kantxaratu eta berehala orkatila bihurritu baitzuen. Baja garrantzitsua zalantzarik gabe.

Bigarren zatian gauzak berberean iraun zuten Astigarragakoen golerarte. Eta hauxe izan zen hain zuzen ere derbiaren gakoa, lehen gola etxekoen alde erori zela eta ondorengo jokaldietan Astigarragatarrak hazi egin zirela eta horitxoak kokildu, 1 eta 0kotik 3 eta 0kora bi minutuetan azkarregi pasa ginelarik. Segida segidan jasotako golak ohikoak dira areto futbolean eta ikasgaia argia da etorkizunerako: honelako partidoetan gol bat jasotakoan, instintoari jaramonik ez egin eta partida hoztu eta gelditzea izaten dela komenigarriena.

Markagailuan irekitako aldeagatik ere, horitxoek ez zuten amorerik eman eta bukaerararte jarraitu zuten lanean, partidak amaiera nahasi bezain zirraragarria izan zuelarik. Dena Saldiasek hamar metrotatik sartutako golarekin hasi zen, etxekoak oso urduri ipini baitzituen gol honek. Bi minuturen faltan, horitxoak gehien ari zirenean estutzen, Yustos expulsatu zuten epaileek entrenatzaileek eskatutako denbora batean, jokoa geldi zegoenean eta lau jokalarirekin jokatu behar izan zituzten horitxoek azken minutuak. Hala ere, Saldiasek berriro ere bigarren gola sartu zuen horitxoentzat eta emozioa gainezka izan zen azken segundurarte.

Azken segundurarte esan dugu baina egia aitortzekotan hori inortxok ere ez daki, aurreko jokaldi batean mahaieko epaileari kronometroa martxan ipintzea ahaztu zitzaionez, epaileek zazpi segunduren faltan eman baitzuten partida amaitutzat. Benny Hill eta Mr Beanen sketch bat bezalakoa suertatu zen beraz partida amaiera.

Kontuak kontu, porrot honekin sailkapeneko hirugarren tokira erori dira Javi delegatua, Alonso entrenatzailea eta Arribillaga, Barriola, Giller, Saldias, Amatriain –haserako bostekoa-, Telletxea, Telleria, Murgi, Gil, Yustos, Zubillaga eta Domentxe jokalariak. Moeta guztietako bajak ahaztuta, datorren larunbateko partidan ipiini beharra dago arreta guztia orain.
Eski

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]