Zapatuko
arratsalde eguzkitsuan ekin zion
Laskorainek 2013-2014 denboraldi berriari. Usabalen jokatu zuten horitxoek
aurreneko partida, Billabonako Egintzaren bisita hartu zutelarik, eta gauzak ez
ziren batere ondo irten ikastolako mutilentzat. Hiru puntuek bizilagunen
zorroan amaitu zuten eta 5-10ko azken emaitza biziki da esanguratsua eta
mingarria.
Gauza jakina da konplexua gertatu ohi dela
txapelketaren estreinaldia. Expektatiba berrituek erantzunkizuna eta ilusioa ekarri
ohi dute, aurrendenboraldiko saio astunen nekeak kezka eta jokalarien arteko
rol banaketa berriak urduritasuna eta zalantzak. Osagai guzti hauek nahasten
dira debuteko koktel beti ere mikatzean. Imajina norberaren kantxan derbi batekin
hasitakoan.
Horitxoek gainera partida atariko astea aldrebesa
izan zuten, Murgi eta Etxebe ikuituta ezin entrenatu, baina baikortasunari
eutsi nahi zioten. Neurketako lehen erdian, nola jokoa nola markagailua
orekatuak izan genituen: bisitarien 0-1ekoari Murgik banakoarekin erantzun zion
baina azken hondarrean, ia aldagela bidean, errebotez aurreratu ziren berriro
Egintzakoak.
Berragerpenean bigarrengoz berdindu zuten
partida Aitorren mutilek, Jonikok penaltiz, baina jokaldi honen ostean etorri
zen hondamendia. Zorigaiztoko lau minututan billabonatarrak 2-6 ipini ziren,
atezain jokalaria atera beste erremediorik ez zelarik gelditu. Honelaxe erori
ziren gainerako gol guztiak, 5-10eraino, etxekoenak Jonikok beste bat eta
Zumetak bi sinatu zituztelarik.
Porrota porrot, txapelketa jaio besterik
ez da egin eta 27 jardunaldi daude aitzinean parez pare. Arreta osoa bertan
ipini beharko dute tolosarrek, asteburu honetako jardunalditik hasita. Bizkaiara
bidaiatuko dute, Mallabia nekazal herri ttipira eta samurra izango ez bada ere,
puntuak poltsikeratzeak izan behar du jomuga.
Usabalen oso mikatza egin zitzaien
txapelketa debuteko koktela Javi delegatuari, Aitor entrenatzaileari eta Aratz,
Alonso, Gil, Josu, Zumeta –haserako bostekoa-, Lakun, Murgi, Joniko, Manso,
Balerdi, Etxebe eta Endika jokalariei. Azken honek sorbaldan min hartuta
erretiratu behar izan zuen, baina zorionez ez du garrantziko ezer.
No hay comentarios:
Publicar un comentario