Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek garaipen bikaina lortu zuen Goierriren aurka

Gipuzkoako areto futbolaren klasikoetako bat lehiatu zuten pasa den larunbat arratsean Laskorainek eta Goierrik Urretxuko Aldiri kiroldegian. Sailkapeneko lehen postuetatik urrun samar, denboraldia ahalik eta txukunen amaitzea helburu dute bi taldeek eta inongo presiorik gabe jokatuz ikuskizun polita eskaini zuten.

Ikuskizun horretan zerikusi handia izan zuen etxekoen planteamendu ausartak, norgehiagokak iraun zuen 40 minutuetan kantxa osoko presioa landu baitzuen Goierrik. Laskorainek aldiz, ohikoa duen kantxa erdiko zonakako defentsa erabili zuen.

Defentsa lerroa atzerago izan arren etekin handiagoa atera zion ikastolako taldeak eta lehenengo zatian kontraerasoak bata bestearen atzetik gauzatu zituen. Horrela, kontraeraso bizkorrak probestuz taldea birritan aurreratu zen Etxebe eta Gilen golei esker baina goierritarrek berehala parekatu zuten markagailua bi kasuetan.

Atsedenaldiaren ostean 2nako berdinketatik 2-4kora alde egin zuen Laskorainek Josu eta Etxeberen bi sareratzeei esker. Etxekoen 4-0 eraso sistemak ordea min handia egin zion Laskoraini ondorengo minutuetan eta markagailua berriz ere orekatuta geratu zen 4-4.

Partidako protagonista bilakatu zen Etxebek, bere hirugarren gola egindakoan hautsi zen norgehiagoka. Segidan urretxuarrek atezain jokalaria kantxaratu baitzuten eta Laskorainek partida erabakitzeko aukerak bata bestearen atzetik izan zituen.  Mikel Alonsok 30 metrotik gol ikusgarria lortuta taldea 4-6 aurreratu bazen ere gainontzeko aukera garbietan kamuts ibili ziren horitxoak.

Partidaren hondarrean Goierrik gola eginda markagailua 5-6 estutu zuenean momentu larriak pasa zituen Laskorainek. Dena den, azken minutu ziragarrian Endikaren atea ondo babestu zuen taldeak eta markagailua bere horretan mantendu zuen, 5-6.

3 puntu berrirekin pauso bat aurrera egin du taldeak eta sailkapeneko 6. postuan kokatu da. Denboraldia amaitzeko azken txanpan azken ahalegina egiteko gogotsu itzuli ziren Javi eta Aitor prestatzaileak, Endika, Balerdi, Alonso, Gil, Ekhi, Etxebe, Josu, Vazquez, Zumeta eta Joniko jokalariak.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]