2013-03-04

Laskorainek 6-6 berdindu zuen Soloarteren aurka

Basaurira bidaiatu behar izan zuen Laskorainek joan den larunbatean Soloarte talde historikoaren aurka indarrak neurtzekotan sailkapenean erosotasunez diharduten bi talderen arteko norgehiagoka batean. Helburu finko baten gabezian gelditu den denboraldi honetan, partiduz-partidu ahalik eta puntu gehien batu eta etorkizuneko urteen menpean keinu bat eginaz, jokalariak sendotu eta gazteak hezitzeko froga bikaina den dema batentzako osagarri guztiak betetzen zituen neurketak.

Azken emaitzak ikustarazi dezakeena bezain eroa suertatu zen bi taldeen arteko lehia, gora-behera ugariko 40 minutuetan zehar, hizkuntza matematiko-estatistiko batetan mintzatu ezkero, desbidazio tipiko altuko grafika batean irudikatu genezake Artunduaga kiroldegian gertaturikoa.   

0-4 hasi ziren irabazten tolosarrak lehen 10 minutuetan Jonikok, Zumetak, Gilek eta Alonsok eginiko sareratzeen ondorioz. Etxekoen 1-4-koari Joniko sukaldariak emango zion arrapostua berriro, baina atsedenaldia ailegatzear zegoenean bizkaitarrek aldea murriztu eta 2-5 gelditu zen elektronikoa. 

Bigarren zatia luze bezain neketsua egin zitzaien horitxoei, basauritarrek amore eman beharrean, lortutako bi golekin 4-5-eraino estutu zen emaitza eta Vazquez-ek 4-6-koa egin arren, 4 minuturen faltan atezain jokalariaren taktika martxan ipiniaz berdinketa erdietsi zuten etxekoek. Tamalez, kontraeraso batean garaipena eskura izanagatik, azken metroetako zehaztasun faltak itxi zuen garaipenerako bidea.  

Ondo hasi eta erdipurdi amaitutako dema baten ostean atera daitezkeen ondoriorik baikorrenak, gazteak hartzen ari diren pisua eta protagonismoa dira, Aratz eta Josu intxaurzaleek, Vazquez errusiarrak eta Zumeta golegileak minutu bikainak bete zituzten joan den larunbatean eta etorkizunean laskoraindarren enborra sustengatuko duten sustraiek izen eta deiturak badituztela dirudi.

Datorren astean Egintza C.D., Villabonako taldeak bisitatuko du Usabalgo polikiroldegia, derbi zirraragarria beste behingoz erraztasun urriak lagako dituen talde baten aurka.

Larunbatean Basarurin, Josetxo jarraitzailea, Javi delegatua, Aitor entrenatzailea, Aratz, Alonso, Gil, Vazquez, Joniko, Zumeta, Telleria, Iturralde, Ekhi eta Endika izan ziren. Harrobiari dagokionez, lehen mailako gazteek 10-0 irabazi zuten nagusitasunez Aierruren aurka eta laugarren postuan dira.

No hay comentarios: