Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 2 eta 1 galdu zuen Belabietan Ibarraren aurkako derbian

Estreinakoz bere 20 denboralditako bilakaera luze eta emankorrean, Laskorainek partidu ofizial bat jokatu zuen Ibarrako Belabietan bisitari gisa. Patuaren kapritxoz beti ere hain seinalatua den iñauteri biharamuneko jardunaldian egokitu zen, festaren ajea eta ajearen nagikeria nahasten diren asteburu astunean; eta alkarren aurka birritan besterik lehiatu ez duten arren, tolosaldeako areto futboleko derbi guztien ama, ibartarren alde erori zen 2 eta1.

Hainbeste bider irudikaturiko norgehiagokarako horitxoek azken sasoiean izan dituzten baja garrantzitsuetatik bat berreskuratzen zuten –agidanez Joseba Gil kapitainarentzat terapia osasungarri dira txarangaren gibeletik buruturiko kalejirak, salto eta brinkoak- eta ondorioz itxaropentsuago jauzi zuten bizilagun liderraren kantxara.

Haserako minutuetan gainera zeharo ustekabean harrapatu zituzten etxekoak, baloiaren jabetza eta jokoaren ekimena eztabaidatu eta lapurtuaz eta derbia zeinbaitzuk uste baino gogorragoa izango zela forgatuaz. Bi baloi galera hustiatuz ordea more koloredunak izan ziren markagailua ireki zutenak, 2-0, baina kolpea kope ikastolakoek berean jarraitu zuten eta atsedenaren aitzinetik aldea murriztu korner batean. Telleriak Zumetari katapun.

Aldageletatik bueltan jokoak zeharo orekatuta jarraitu zuen, bi taldeak nor baino nor eta puntuak txilaba soinean dantzan alde batetik bestera, baina gezurra badirudi ere tamalez markagailua ez zen gehiago mugituko.

Amaieran, laskoraindar jokalari eta zaletuak gutxien gutxienez berdinketa merezi izan zutenaren irudipen eta aldarrikapenarekin irten ziren, eta jokoa eta aukerak ikusita beharbada horixe izanen zen emaitzarik zuzenena, baina porrotak jada ez zuen erremediorik. Nolahala, bihotz horitxoa zuen oro harro zegoen oso taldeak emandako joko maila bikainarekin.

Bi hamarkadetan zehar, Belabietara jokatzera joan ahal izateko lan egin duten jokalari belaunaldi guztien ordezkariak izan ziren Javi delegatua, Aitor eta Javi entrenatzaileak eta Endika, Saralegi, Telleria, Alonso, Gil, Etxebe, Belloso, Iturralde, Zubillaga, Vazquez, Zumeta eta Otxoa jokalariak. Erronkaren exijentziaren pare egon zen bidalitako enbaxada.

Iker Santxezen taldeak Ventanas Isu Leihoak liderraren aurka amore eman behar izan zuen (4-5) eta Maiorgan jubenilek errez menderatu zuten Summa Aldapeta talde donostiarra. Bi taldeek sailkapenean laugarren postu eroso batean dihardute.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]