Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 2-5 irabazi zuen Billabonan Egintzaren aurkako derbia

Aitzineko bi jardunaldietan bi berdinketa mingarri pairatu ostean, Laskorainek denboraldiko hirugarren garaipena erdietsi zuen pasa den larunbatean. Tolosatik oso gertu izan zen, Billabonako Olaederran, horitxoek 2-5 hartu baitzuten mendean Egintza-Transportes Lakunza talde bizilaguna.

Derbia ez zen batere samurra suertatu Aitorren mutilentzat. Lehen zatian, nahiz eta jokoaren ekimenaz jabetu eta nahiz eta baloia billabonatarren atetik gertuago ibili minuturik gehienetan, etxekoak izan ziren 10 metrotatik markagailua ireki zutenak eta atsedenaldiko 1-0koa ez zen horitxoentzat azken asteetako mamuak uxatzeko emaitzik aproposena.

Berragerpenean jokoak ez zuen aldaketarik jasan eta laskoraindarren nagusitasuna are eta nabarmenagoa bihurtu zen. Ondorioz, orain bai, horitxoek markagailuari itzulipurdia ematea lortu zuten, 1-3raino, golegile Gil, Telleria eta Murgi tridentea izan genuelarik zein baino zein gol ederragoarekin.

Zailenak egina zirudienean ordea, etxekoen kemena tarteko jokoa erabat orekatu zen, jokaldi bikain batean gainera 2-3-koa iritsi zelarik. Hiru puntuak dantzan genituen berriro eta ez zegoen batere argi nora eroriko ziren. Azpimarratu, une erabakior horietan, Aitorrek ausart Eñaut eta Manso filialeko jokalariak ipini zituela bostekoan eta bi gazteek erantzun paregabea eman ziotela entrenatzaileari.

Eñaut Vazquez izan zen hain zuzen partida erabaki zuena horitxoen laugarrena sartuaz. Presinean baloia lapurtu eta jaurtiketa bortitz batekin gola sartu, bakar bakarrik egin zuen dena. Ondoren, partidaren hondarrean jada, Gil kapitainak sinatu zuen azken 2-5-koa etxekoen atezain jokalariaz baliatuaz.

Pozik ziren berriro garaipen bat dastatuaz Javi delegatua, Aitor entrenatzailea eta Endika, Telleria, Gil (k), Murgi, Eñaut –haserako bostekoa-, Txiki, Alonso, Etxebe, Manso eta Aratz jokalariak. Baja izan genituen Joniko, Ekhi eta Lander.
 
Oinarriko taldeen emaitzak:
 
Probintzial 1. Maila: Allerru Jaizkibel 6 - 5 Bide Bide Laskorain
Probintzial 2. Maila: Laskorain 5 - 6 Samaniego Orixe
Jubenilak: Cafeteria King Kong 3 - 4 Laskorain
Kadeteak: Samaniego Orixe 5 - 3 Laskorain
Infantilak: Laskorain 7 - 4 Zarautz "A"

Iker Santxoren mutilak esku hutsik itzuli ziren Lezora egindako bisitan 6-5 galdu ostean. Etxez kanpo jokatu dituzten aurrekoetan bezela, partidu kaxkarra eta akatsez jositakoa burutu zuten eta ate aurrean gol aukerak egiteko erreztasunak ez zien oraingoan garaipena lortzeko balio izan.

Nahiz eta jokoan akatsak pilatu, markagailuan berdintasuna izan zen nagusi eta horren adierazgarri bi taldetako inork ez zuena gol bat baino gehiagoko alderik lortu. Lehen zatiak gol festa ikusteko parada eman zien Bekoerrota kiroldegira gerturatutako zaleei; 1-0, 1-1, 2-1, 2-2, 2-3, 3-3 eta 3-4ko eboluzioa izan zuen elektronikoak, eta bigarrenean Allerruk, bi gol jarraian egin eta horitxoek berdinketa sinatu ondoren, azken 6-5ekoarekin itxi zuen sareratzeen kontua.

Amaieran, Iker, "lehen zatiko arerioaren nagusitasunaren aurrean partidua galdutzat ez eman eta besoak jetsi ez izanarekin" gelditzen zela adierazi zuen, eta noski, "etxetik kanpoko dinamika aldatu behar denaren proposamenarekin".

Lezon porrota jasan baina bigarren postuari eutsi ziotenak, Iker entrenatzailea, Malvadi, Illunbe, Joshua, Maikel (1), Zumeta (2), Martija, Txato (2), Beñat, J.M. eta Otto.
 

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]