2012-05-02

Laskorainek 3-2 irabazi zion Burgosi eta bizirik iristen da azken jardunaldira

Zirraraz beteriko garaipena erdietsi zuen Laskorainek denboraldi honetan etxean lehiatzen zuen atzeneko neurketan. Gipuzkoa Encounter 6ren eraginez ikastolakoek Ibarrako Belabietan jaso zuten Burgosen bisita eta majo izerdituta izan bazen ere 3-2 menperatu zituzten gaztelarrak.

Partidak berebiziko garrantzia zuen tolosarrentzat, garaipena ez zen beste edozein emaitzak sailkapenean azkenaurreko postuan gelditzea suposatzen baitzuen eta garaipenak aldiz, Castroren emaitzaren baimenarekin hori bai, postu bat aurreratzeko itxaropenari eustea.

Horitxoek beraz kementsu ekin zioten norgehiagokari eta jaun eta jabe izan genituen lehen zati guztian zehar. Beraiena izan zen baloia eta ekimena, beraienak gol aukera argienak eta beraiena gol bakarra. Gil errekaitzak sartu zuen, Landerrek bandan eginiko “behiaren buztana” baliatuaz.

Aldageletatik bueltan ordea burgostarrek jarrera proaktiboagoa azaldu zuten jokoa parekatuaz. Honela bigarren erdiaren ezaugarririk nagusiena markagailuan izaniko emozioa bilakatu zen. Adi partidaren hondarrean jazotakoaren kontakizunari.

Banakoarekin markagailaun, azken minutuan sartzerakoan, Otxoak laskoraindarrak bigarrengoz aurreratu zituen kontraeraso bizkorrean. Baina bisitariek ez zuten amore eman nahi eta atezain jokalariarekin 35 segunduren faltan berdinketa ipini zuten berriro horitxoen etsipenerako.

Beste behin garaipenak atzeko atetik egingo zuela ihes zirudien, baina 35 segundu horietan denboraldian estrainekoz zorteak elastiko horia jantzi zuen.

Gaztelarrek 2-3ko argia erratu zuten eta hurrengo jokaldian 4 segunduren faltan horitxoek area ertzean falta bat lortu. Telleriak arima guztiarekin hautsi zuen baloia, barrera eta atezaina doi doi zeharkatuaz eta defentsa bat gol marratik baloia urruntzera zihoanean Gil TDIk errematatu zuen gola amets horitxoa bizirik utziaz.

Orain, are eta zailagoa gelditzen da, txapela jokoan duen Ebrosala lider zaragozarraren kantxan irabaztea eta Castrok bere partida ez irabaztea. Kirol ikuspegitik mirari bat dirudi, baina Jon Lizasok erakutsi zizkigun matematikak gogoratuaz 2/9ko aukerak daude, %22koak. Belabietako partidan amaierarako 4 segundu falta zirenean portzentai hau %0 zen.

Larunbat euritsuan eguzkia irten zen Javi delegaduarentzat, Jorge eta Aitor prestatzaileentzat eta saralegi (ikusgarria atezain jubenilaren partida), Telleria, Gil, Lander, Otxoa, Murgi, Alonso, Txiki, Etxeberria eta Aratz jokalarientzat.

No hay comentarios: