Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Beste berdinketa bat lortu zuen Laskorainek Zaragozan Confort Coloren aurrean


Azken lau jardunalditan hirugarrengoz berdinketa bat erdietsi zuen Laskorainek kalderero egunean. Siberiar hotz boladaz mozorrotu zaigun inaute atarian Aragoiko hiriburura higitzea egokitu zitzaien ikastolakoei, sailkapeneko zuloan bizi den Confort Coloren kantxara eta banako berdinketa gazigozoarekin itzuli ziren Tolosara zartagiak astintzeko beta nahikoarekin.

Sailkapeneko estutasunek eraginda, horitxoak erreakzioaren ahaleginetan dabiltza aspaldi honetan eta garaipenik ez eskuratu arren azken asteotan ahalegina ez da antzua. Egia berdinketaren puntua opari txiroa dela garaipenaren hiruekin alderatuta, baina taldeak hiru pilatu ditu lau neurketetan –laugarrena ez zen urruti ibili- eta berriro lehiakor ageri da, defentsa lana serioari esker batik bat. Garaipen batekin -ea datorren jardunaldian- emaitza arratxa on batetaz jardungo genuke.

Egia esan, larunbatean Zaragozan, bi taldeak kantxaratu ziren erreakzioaren bila –premiazkoagoak ziren puntuak etxekoentzat izan ere- eta neurketa trabatu bezain orekatua ikusi genuen. Honelakoetan sarri gertatzen den moduan defentsak nagusitu ziren eraso jokoaren aurrean eta gol aukerak oso garesti banatu ziren.

Markagailuan aragoitarrak aurreratu ziren lehen erdiaren ekuadorrean eta giltzarria hortxe egon zen, gol honek ez baitzuen jokoaren bilakaera ezertxo ere aldatu, laskoraindarrek burua hotz lanean serio jarraitu baitzuten defentsa deskuidatu gabe, partida ireki gabe.

Minutu asko izan ziren markagailuan azpitik, minutu asko presaren ibilbidea prezipitazioaren bidezidorrarekin ez dela nahastu behar ulertzeko eta minutu asko antsietatea konzentrazioan eta lanerako konpromezuan bilakatzeko. Horitxoek bikain gainditu zuten test gogor hau eta amaierarako bost minuturen faltan Jonikok behin betiko banakoa sartu zuen, azken minutuko etxekoen atezain jokalariak ere kanbiatuko ez zuena.

Beraz, puntu bat eta ikasgai garrantzitsu batzu gehiagorekin itzuli ziren Tolosara Javi delegatua, Javi BCE, Aitor UE eta Jorge FMI prestatzaile “troika” salbatzailea eta Endika, Telleria, Gil, Murgi, Otxoa, Zubillaga, Txiki, Diez, Etxeberria, Alonso eta Aratz jokalariak.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]