Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 1-2 galdu zuen Zalatambor taldearen aurka


Pasa den astean liderraren aurka berdinduz lehen itzuliari agur esan eta gero, larunbat arratsean ekin zion Laskorainek bigarren itzuliari usabalera urreratutako zaleen aurrean. Jokoan ipinitako 3 puntuak lehiatzeko, Lizarratik etorritako Area 99 Zalatambor taldea izan zuten aurkari. Iazko txapeldunordea, sailkapeneko 6. postuan kokatuta, goiko postuetara salto egiteko puntuen bila etorri zen. Ikastolakoak berriz, lehen itzuliaren bigarren erdian izandako emaitza txarren boladari amaiera eman eta sailkapenean gora egiteko itxaropenez.

Norgehiagoka elkarrenganako errespetu handiz hasi zuten bi taldeek, kantxa erdian ipinitako defentsa sendoek euren atea salbu mantentzea izan zuten helburu aurkariarena zulatzea baino. Beñaten gidaritza dotorea eta Murgiren aldrebeskeriak tarteko, eraso jokaldi luzeak egin zituzten horitxoek arerioaren defentsan zirrikituren bat bilatu nahian baina kamuts ibili ziren. 20 minutuko lehiaren ostean hasi bezalaxe aldagelaratu ziren bi taldeak.

Continental industrie-k babestutako saski ederra zozketatu bitartean jokalariek atseden hartu eta zaleek, partida osoan zehar traba eginez egon ziren saskibaloiko kanastetan, kantxara irtendako espontaneo batek emandako ikuskizunaz gozatu zuten.

Atsedenaldiko zaleen algarak ordea laster amaitu ziren, Lizarrako taldeak estreinako gola egin baitzuen 22. segundorako. Estrategia jokaldi batean baloia bikain mugitu eta Endikaren atea zulatzea lortu baitzuen bigarren zutoinean bakar bakarrik geratu zen aurkari batek.

Gol honekin Laskorainek ez zuen bere jokoa aldatu, baloiaren jabetza eurena zen eta pazientziaz gol aukeraren bat sortzeko asmoz lanean jarraitu zuten. Partida amaitzeko 5 minutu faltan ordea kontraeraso bat mozteagatik epaileak Beñat kaleratu eta 2 minutuz jokalari bat gutxiagorekin aritu behar izan zuen Laskorainek. Kementsu aritu ziren horitxoak denbora horretan baina 5. jokalaria berreskuratzeko 10 segundoren faltan 0-2koa ipini zuen aurkariak markagailuan.

Azken minutuetan atezain jokalaria erabiliz bi jokaldi arriskutsu egin zituen Laskorainek, bata bestearen antz atzekoak. Lehenengoan Diezek baloia sareetara bidaltzea lortu bazuen ere, 2 segundoren faltan zorteak aurkariari egin zion irribarre eta baloia zutoina miazkatuz kanpora joan zen.

Azken 1-2ko emaitzak goibel utzi zituen jokalari horitxoak baina lanean gogor jarraitu beharra dago, datozen asteetan sailkapeneko aurkari zuzen zuzenen aurka jokatutako partidek erabakiko baitute denboraldiaren norabidea. Hasteko sailkapenean berdinduta dagoen Castro talde historikoari egin beharko diote bisita datorren hastean.

Larunbatean Javi eta Jorge delegatuak, Javi eta Aitor entrenatzaileak eta Endika, Telleria, Lander, Gil, Etxebe, Murgi, Joniko, Loitzun, Diez, Zubillaga, Alonso eta Aratz jokalariak izan genituen elastika horitxoa defendatzen.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]