Denboraldiko
neurketarik kaskarrena jokatu zuen Laskorainek pasa den asteburuan Caspen. Erdi
aro hondarrean Aragoiko koroaren bilakaeran giltzarri bilakatu zen hiriak ez
zion ezer onik ekarri talde horitxoari eta inolako eztabaidarik onartzen ez
duen porrota jaso zuen. Aski esanguratsua da 10-2ko azken emaitza.
Epaileek
txilibituari eragin orduko aurkeztu ziren oztopoak ikastolakoentzat. Etxekoek
partidaren agintea errazegi hartu zuten eta maila altuko areto futbola josiaz estu
eta larri ipini zituzten tolosarrak, 2-0 aurreratu zirelarik berehala. Falta
estratejian Telleriak sareratutako golak itxaropen espejismo bat piztu zuen
instant batez, baina ez zuen partidaren garapena mutatu, atsedenaldirako 4-1koa
zelarik aldea.
Ondorenean,
bigarren zati oso osoan, zabor minutuak jokatu ziren tamalez, denboraldian
estrainekoz laskoraindarrek amore eman baitzuten ezintasunaz etsita. Caspekoei
aldiz dena irteten zitzaien eta errukirik gabe zulatu zuten Endikaren atea.
Azken
minutuan egin zuen Laskorainek markagailua makilatu ere egiten ez duen
bigarrena, baina aipamenak merezi du, aurtengo denboraldian debutari den Xabi
Diezek sinatu baitzuen, Laskorainen historiako golegileen zerrendan idatziaz
bere izena. Lesio batetik osatuta bere bigarren partidan busti du aurrenekoz;
ez dago batere gaizki.
Porrot
mingarri honetaz haratago, azken jardunaldiak aintzakotzat hartuta, laskoraindarrak
2.B maila berriaren zorroztasuna pairatzen ari direla iruzkindu daiteke. Honek
ordea ez luke inor akitu behar, ederki baigenekien aurrez txapelketaren
exijentziaz eta hortxe baitago lehen jardunalditan pilatutako puntu sorta
oparoa baikortasun eta motibazio iturri.
Larunbat
gauean Tomas Roncerori gelditu zitzaion antzeko arpegiarekin egin zuten
Caspetik Tolosarako ibilbide luze bezain astuna Javi delegatuak, Javi eta Aitor
entrenatzaileek eta Aratz, Telleria, Gil, Loitzun, Murgi, Otxoa, Txiki,
Zubillaga, Etxeberria, Diez eta Endika jokalariek.
No hay comentarios:
Publicar un comentario