Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Urrezko hiru puntu lortu zituen Laskorainek Pinsequen 2-3 irabazita


Ebro ibaiaren erriberako lur oparoetan Tuteratik Zaragozarako errepidean kokaturik dagoen Pinsequera egin zuen larunbatean bisita Laskorainek. Horitxoek aurreko asteburuan Usabalen pairaturiko porrota lehenbailehen ahazteko asmoarekin bidaiatu zuten eta baita lortu ere, asko sufrituta izanagatik hiru puntuak Tolosaruntz ekarri baitzituzten aragoitarrak 2-3 gaindituta.

Garaipenak meritu galanta dauka, Zaragoza hiriburuko jokalariz hornitzen den Pinseque Aragoiko areto futboleko klasiko bat baita, 2010ko ekainean 2.A mailarako igoera fasean aritutakoa. Aurtengoan gainera, nahiz eta sailkapeneko zona epelean hasi duen txapelketa, oraindik ez zuen bere kantxan punturik galdu.

Larunbatean ere horrelaxe gertatuko zela zirudien partidaren hastapenean. Javiren mutilei ia hiru orduko bidai astunak mesederik ez zien egin eta laugarren minuturako Pinsequekoak 2-0 aurreratu ziren. Neurketaren itxura beltza baino beltzagoa zenean baina, futbol handitik futbol txikira azkar eta ederki egokitu den Asier Etxeberriak gola sartu zuen etxekoen urduritasun eta ikastolakoen itxaropenerako.

Atsedenaren aurretik etorri zen Zubillagaren binakoak are gehiago auspotu zituen batzuen itxaropenak eta besteen urduritasunak eta berragerpenean emozioz beteriko bigarren zati bat bizitu zen. Jokoaren ekimena eta baloiaren jabetza aragoitarrak izan ziren nabarmen eta horitxoek bere kantxan biziraun behar izan zuten, baina defentsa lanean eskuzabal oso sendo agertu ziren.

Hau gutxi ez balitz gainera, Laskorainek berezkoa duen ezaugarri nagusienetakoa erakutsi zuen beste behin: ahulen eta menperatuen dirudienean arerioa kolpatzeko ahalmena. Horretarako Otxoaren deabruzko abiadura izan zuen arma, kontraerasorako oso aproposa eta horrelaxe erabaki zen partida: Ibarrako dantzariak ziztu bizian buruturiko kontra batean.

Bost jardunalditan 10 puntu eskuratuta 2.B maila ez galtzeko ametsak gerturago dirudi eta gogoan horixe zutela pozarren itzuli ziren Tolosara Javi delegatua, Javi eta Aitor entrenatzaileak eta Endika, Gil, Telleria, Loitzun, Txiki, Zubillaga, Etxebe, Otxoa eta Aratz jokalariak. Arrazoi ezberdinak tarteko baja izan ziren Lander, Murgi, Alonso eta Xabi Diez.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]