2011-10-09

Laskorainek 8 eta 3 hartu zuen mendean Castro Urdiales historikoa


1993ko udazken arratsalde batean ekin zion areto futboleko Laskorainek bere ibilbideari Orio 6-3 menderatuaz Illarramendi frontoi desagertuan. Errejionaleko 3. maila zen eta arratsalde hartan inork ez zuen amestu ere egin, hemezortzi udazken beranduago, 525 neurketatik gora lehiatu eta 5 igoera erdietsi eta gero, Laskorainek 2.B mailan anfitrioi gisa estraineko partida jokatuko zuenik egungo Usabal ikusgarrian. Orduan ametsa ere ez zena errealitate da jadanik ehun jokalari baino gehiagoren ahaleginari, milaka entrenamentu orduko izerdi, poz eta disgusturi eskerrak.

Efemeride seinalatu honetarako horitxoek sona handiko aurkari baten bisita jaso zuten: Castro Urdiales kantabriarrarena. Osagai bikain hauekin ezin zuen ezerk huts egin eta Usabalera bilduriko zaletu kopurutsuak festa apartaz gozatu zuen larunbatean. Errematea ikastolakoen 8-3ko garaipena izan zen.

Partida oso zaila suertatu zen. Bisitariak 0-2 aurreratu ziren hasieran eta etxekoek ahalegin itzela burutu behar izan zuten partidari eutsi ez ezik, markagailuari itzulipurdia emateko atsedenera 3-2koarekin aldagelaratuaz. Lander Camio birritan –arratsaldeko onena Endika atezainarekin batera- eta Murgi izan ziren golegile.

Baina Asteasuarra tabernak babestutako zozketaren ostean, berragerpenean, kantabriarrak jaun eta jabe izan genituen berriro minutu luzez. Eraso posizionaleko kokapenarekin min handia egiten zieten tolosarren defentsa zonalari eta asko sofritu behar izan zen abantailari eusteko.

12 minuturen faltan ordea partida erabat aldatuko zen. Area ertzeko falta batean Telleriak laugarrena egin zuen zuhurtziaz eta segidan Castrotarrek atezain jokalaria kantxaratu zuten. Erabaki honek ordurarte ate bakarrean ziren gol aukerak bi ateetara zabaldu zituen eta argienak noski horitxoentzat ziren. Honela Endika atezain “hegoamerikarrak” egin zuen bosgarrena, Chilavert edo Bravo eredu, Otxoak seigarrena eta kantabriarren hirugarrenari, Zubillagak eta berriro Telleriak erantzun zieten behin betiko 8-3koa ipiniaz.

Goraipatu Endikaren arratsaldea. Momenturik latzenetan taldeari eustearekin aski ez eta gol asistentzia bat eta gol bat oparitu zituen. Jokalari frankok berarentzat nahiko luketen teknikaz horniturik, ikusgarriak izan ziren bere jaurtiketak. “Dagoeneko Gil kapitainak baino gol bat gehiago darama” zioen kapitainaren “lagunen” batek amaieran. Ezin ahaztu bestalde Asier Etxeberriaren debuta elastiko horitxoarekin, bere minutuak ederki jokatu zituelarik gainera partidaren momenturik zailenean.

Sei puntuko altxorra zakuan, mailari eusteko helburua borrokatu ahal izango dela dirudi eta gustura amaitu zuten Javi delegatuak, Javi eta Aitor entrenatzaileek eta Endika, Telleria, Gil, Lander, Otxoa –haserako bostekoa, Loitzun, Murgi, Zubillaga, Etxeberria, Alonso eta Aratz jokalariek.

No hay comentarios: