Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 3-2 gailendu zuen Portugaleteko Jarrilleros eta bigarren da sailkapenean

Denboraldiroko neurketarik bihurrena jokatu zuen Laskorainek pasa den larunbatean, "sardinaren ehorzketaren" jardunaldia alegia, ihauteri biharamun astunarena, eta giharre hozminduak kirolerako baino kalejiran jarraitzeko aproposago eduki arren, horitxoek Portugaleteko Jarrilleros 3-2 hartu zuten mendean. Ez dute ez meritu makala.

Norgehiagoka korapilatsua suertatu zen zeharo. Bizkaitarrek birritan erdietsi zuten markagailuan aurre hartzea eta ondorioz horitxoek malda gora lehiatu behar izan zuten denborarik gehienean. Zailtasun fisikoei zailtasun psikolojikoak gehitzen zitzaizkien partidarik okerrenean.

Hasiera hasierako 0-1-koari dela aste gutxi debutatu zuen Josu Iturralde gazteak bikain erantzun zion banakoarekin, bere estreinekoa kategorian eta ondoren atsedenaldi bitartean ez zen ez gol ez joku gehiago izan. "Ta Galtzaundi, ta Galtzaundi" txaranga doinuen oihartzuna ezin kendu Usabalen bildutako garun lainotsu guztietatik.

Aldageletatik bueltan, esan bezela, berriro Nerbioi ezkerraldekoak aurreratuko ziren 1-2, oraingoan bai gauzak oso gatxak ipiniaz batere dizdirik gabeko arratsaldea zeukaten Javiren mutilentzat. Jarrillerosekoek gainera sendo ziarduten defentsan eta kontraeraso arriskutsuak egiten hasiko ziren.

Unerik aldapatsuenean ordea, oraindik super-heroe mozorroa soinean balute bezela, bi laskoraindar agertu ziren neurketa erabakitzeko: Endika atezaina eta Barriola kapitaina. "Zein dira Batman eta Robin edo Victoria´s Secret-eko bi aingeru?" zalantza egin zuen norbaitek harmailetan.

Endikak bizkaitarren kontra guztiak abortatu zituen geldiketa sorta paregabea burutuaz eta taldea partidan mantenduaz, eta Barriolak aldiz, azken minutuetan bi gol egin zituen urrutiko bi jaurtiketa baliatuaz eta markagailuari 3-2 itzulipurdia emanaz. Harrigarria da benetan kapitainaren kaurtiketek itsatsita eraman ohi duten malaletxe irabazlea.

Hiru puntu eder hauekin Laskorainek sailkapenean bigarren darraiela aipatzeaz gain, bukatu aitzinetik larunbatean lehen taldean Beñat Balerdi jokalariak debutatu zuela ere azpimarratu behar da. Balerdi, Iturralderekin batera, epe motxera Laskorainen jokalari garrantzitsua izango denaren itxaropena daukagu. Egia esan denboraldi honetan, ekoizpen bikaina ari da ematen Aitor Garcia eta Iker Santxo filialen arduradunen lan miresgarria.
Eski

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]