Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 5 eta 4 galdu zuen Orion eta sailkapeneko goiko postuetatik urrundu da

5-4 galdu zuen Laskorainek pasa den larunbatean Orioko Karelan. Baleko partida osatu eta azken segunduraino borrokatu arren, amaieran 3 puntuak etxekoen alde erori ziren eta horitxoek esku hutsik itzuli behar izan zuten Tolosara.

Neurketa erakargarria suertatu zen zalegoarentzat, maila onekoa. Oriotarrek, sailkapeneko azken postu gorriek bultzatuta, beterano guztiak berreskuratu dituzte eta berriro ere, betiko lepotik burua, talde gogorra osatzen dute, oso langilea eta fisikoki ahaltsua.

Areto futbolean ohikoa den moduan, larunbateko neurketako lehen zatia ere bi taldeek arerioari neurria hartzeko erabili zuten, atzekaldean sendo ipiniaz defentsak aurkariaren jokua aztertu bitartean. Tolosarren huts bat profitatuaz, oriotarrek ireki zuten markagailua penaltiz eta ondoren Barriolak egin zuen banakoa atsedenaren aurretik, urtea joan urtea etorri Orion golarekin mantentzen duen hitzorduari eutsiaz.

Bigarren zatian aldiz Alonsoren mutilak garaipenaren bila kantxaratu ziren, jokoaren ekimenaren bila lotsagabe eta ateko eta alboko sakeak goian presionatu zituzten. Markagailuan birritan lortu zuten aurreratzea, Telletxea rockero zaharraren eta Saldias pitxitxiaren eskutik, 1-2 eta 2-3, baina bietan oriotarren erantzun azkarrarekin topatu ziren, berdinketa golak aurreratu eta minutu eskasera iritsi baitziren. Partida horitxoen aldera ez erortzearen kakoa hementxe kokatu daiteke.

Hirunakoarekin gainera, oriotarrek izango ziren 5-3 aurreratuko zirenak, errebote bidez sartutako bi golei eskerrak, baina zer axola du, eta azken uneraino borrokatuagatik, ez atezain jokalariaren estratejiak ez Barack Telleriaren laugarrenak, ezertxok ere ez zuen porrota saihestuko. Horitxoek gogoan dituzte oraindik amaierarako lau segunduren faltan izandako berdinketa aukera garbia eta piskat lehenxeago kanpora jaurtitako hamar metrotakoa.

Larunbat honetan, Santo Tomas bezperan, Usabalen Astraburukoren aurka urtea agurtu eta gero, ederki etorriko zaie gabonetako geldialdia ikastolakoei; jomuga doikuntza edo berrazterketa baten bitartez motibazioaren bateriak berriro ere berkargatzeko premia baitago.

Probintziaren bizkar hezur den Oria ibaiaren alderantzizko ibilbidea kopetilun eta burumakur egin zuten Javi delegatuak, Alonso entrenatzaileak eta Domentxe, Amatriain, Saldias, Telletxea, Gil -haserako bostekoa-, Telleria, Barriola, Murgi, Led eta Endika jokalariek.
Eski

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]